Datorren igandean, otsailak 2, Azkoitiko Parrokiak Jaunaren Aurkezpena edo Kandelario Eguna ospatuko du Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan. Abenduaren 25ean Jesus jaio zela eta hura 40 egunera tenpluan aurkeztu zela gogoratuko dute, otsailaren 2ro moduan. 11:00etako meza nagusian egingo dute ospakizuna, Felix Azurmendi herriko erretoreak zuzenduta.
Ohi bezala, prozesioa egingo dute parrokia barruan Ama Birjinaren irudia erakutsiz, Parrokiako Abesbatzak Peñafloridako Kondearen Irten ezazu abestia kantatzen duen bitartean. Ama Birjinaren atzetik joango dira iaz jaiotako eta bataiatuak izan ziren haurrak eta haien familiak, baita katekesiko aurreneko mailan dabiltzan neska-mutilak ere; izan ere, gero Ama Birjinaren mantuaren azpitik igaroko dira horiek guztiak. Bide batez, aurtengo urteko kandelak ere bedeinkatuko dira elizkizunean.
Katekesiko gainerako mailetako haurrek eta horien gurasoek ere elizkizunean parte hartuko dute. Azkoitiko Parrokiak Gabonetako zikloari itxiera emango dion ospakizun solemnean parte hartzeko deia luzatu nahi die herritarrei.