Parrokiak jasotako materialaren zati bat Ukrainara heldu da

Erabiltzailearen aurpegia Parrokiko taldea 2022ko mar. 28a, 12:08

Hilaren 20an abiatu ziren herritik, eta bi egun ondoren, Poloniako Katowice herrian utzi zituzten haurrentzako esnea, lo zakuak eta fardelak.

Azkoitiko Parrokia taldeak joan zen hilaren 18ra arte jasotako material zati bat iritsi da Ukrainara. Manuel Tamayok eta Mikel Gurrutxagak Ukrainarako bidea hartu zuten hilaren 20ko goizaldean beren autokarabanekin, eta bi egun beranduago Polonian ziren; Katowice herrian, hain zuzen ere. Haurrentzako esnea, lo zakuak eta fardelak eraman zituzten, eta materiala hotel baten utzi zuten, jendeari han harrera egin eta materiala banatzen baitiete, Caritasen eskutik.

Hango arduradunek Caritaseko kideei galdetu zieten ea inguruko herrietara materiala bideratzeko modua izango al zuten, eta haiek baiezkoa jaso zuten. Euskal Herrira itzultzeko bidean, gainera, Ukrainako sei pertsona Bilbora eramateko aukera izango dutela uste dute Gurrutxagak zein Tamayok. Horietako emakume bat, ordea, ospitaleratuta dago, eta hari alta eman bitartean han egongo dira bi kideak.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide