Egungo garaietara egokitzen

Erabiltzailearen aurpegia Orion elkartea 2020ko ots. 14a, 11:35

Izarre-Jandalo tiro eremua. (Argazkiak: Orion)

Otsaileko Maxixatzen aldizkariko 'Komunitatin leixue' atalean Orion arrantza eta ehiza elkartearen berri eman du herri komunikabideak.

Orion arrantza eta ehiza elkarteak 1948an ireki zituen ateak. Ordutik Baztarrikaldean zuen egoitzari eusten dio elkarteak 90 lagun ingururen babesarekin. Elkarteak urrezko garaia bizi izan zuen hastapeneko urteetan, 400 bazkide baino gehiago baitziren Orionen; Gipuzkoako ehiza eta arrantza elkarteen artean indar-tsuenetakoa zen Azkoitikoa. Arlo askotan mugitu zen Orion elkartea; Izarre Jandaloko tiro-eremuan jokatu zen, esaterako, Europako txapelketa bat. Horrez gain, Europako hirugarren eremu onena izendatu zuten Izarre Jandalo.

Elkartea dagoen azpiko sotoan arrain-haztegia izan zuen Orionek. Aingeru Guarda aldetik zetorren errekako ura baliatzen zuten hasierako urte haietan elkartean amuarrainak hazi eta Urola bailara guztiko erreketan eta ibaietan amuarrainak zabaltzeko. Baztarrikaldean lanak egin aurretik, ibaia Orion elkartearen ondoko errepidetik igarotzen zen. Lanak egin ondoren, ordea, arrain-haztegia Izarre Jandaloko tiro-eremura lekualdatu zuen Orion elkarteak, eta han ez zuten lortu indar berarekin lan egiterik, lekua eta amuarrainak hazteko ura desberdinak zirelako.

Hainbat arrazoi tarteko, tiro-eremua itxita izan zen hainbat urtez. Gerora, ordea, Orion elkarteak berriz hartu zuen lurra kudeatzeko ardura, eta harrezkero, urtero ari dira hobekuntzak egiten. Urtero, behin baino gehiagotan txukuntzen dute Izarre Jandalo, eta hainbat jaurtialdi txapelketa antolatzen dituzte. Gainera, urtez urte txapelketa hobeak antolatu dituzte elkarteko kideek, eta parte hartzaileen artean harrera ona izateaz gain, giro ona sortzen dute.

Beste modu batera egiten ari dira lan elkartean, eta hori nabaritzen dute taldeko kideek. Nahiz eta egoera ez den nahi duten bezalakoa, pixkanaka mugimendu gehiago dute elkartean. Esaterako, arrantza eta ehiza federazioekin hartu-eman ona du Orion elkarteak, eta hainbat txapelketa antolatzen du urtero. Egutegi bat ere prestatzen du elkarteak; aurten, esaterako, bederatzi txapelketa edo proba egingo dituzte. Antolatzaile taldea modalitate desberdinetako saioak prestatzen saiatzen da, adin guztietako kideei zuzenduta.

Gazteengana iristea da elkartearen beste erronketako bat, eta hori lortzeko ikastaroak ere eskaintzen dituzte. Gazte mailan erreferentea da Orion Euskal Herrian. Hainbat gazte punta-puntan dabiltza munduko zein Euskal Herriko txapelketetan. Egungo ehizatzeko eta arrantzatzeko moduak ez dira duela 30 urte bezalakoak, aldatu egin dira, eta gazteen artean balio etikoak sustatzen ahalegintzen da elkartea. Asmoa da elkarteari beste haize bat ematea.

Etorkizunari begira dira uneoro Orion arrantza eta ehiza elkartean. Nahiz eta urtero batzen diren herritarrak elkartera, partaide berrien beharra dutela azaldu dute. Bide batez, eskertu egin du Orion elkarteak urteroko ekintzak antolatzeko kideek egiten duten ahalegina.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide