20 urte

Urtebetetzeak balantzea egiteko egunak dira, bizi izan duguna bizitzen ari garenarekin balantzan jartzekoak. Aurten Maxixatzen eta Matadeiko Asanblada dira 20 urte bete dituztenak. Ez batak eta ez besteak ez dute bidea erraz izan gaur egunera iristeko, baina gustuko tokian…

Sortzen ari denak, oinez ikasi behar duenak, babesa, laguntza eta batez ere bere buruarengan sinestea behar izaten du. Matadeiko Asanbladak urte askoan ez du halakorik izan. Herriko jendeak eraikinari dion nostalgiari lotuta etorri izan da gehienetan onarpen moduko bat, ez bertan aurrera eramandako ekimenei balioa emateagatik.

20 urte ostixena jotzen izan da aurtengo urtemugako leloa, eta ez da harritzekoa. Damoklesen ezpata gainean izan du eraikinak, okupatuta dagoenetik. Hormigoizko zubiei lehentasuna eman nahi izan zaie pertsonen arteko zubien gainetik. Ez da proiektu bat lantzeko baldintzarik aproposena, baina oztopoei aurre egiteak indartu ere egiten du.

Batzuetan ez gara oso kontziente esku artean dugunaz. Baloratzekoa da horrelako proiektu bati asanblada izaerarekin eutsi izana; Azpeitiko eta Azkoitiko gaztetxea izan zirenaren ondarea bizirik mantendu da hein batean.

Baina, zenbaitentzat, halakoak ez dira ondare, are gutxiago bizirik mantendu beharrekoak. Artaldean ibiltzearen segurantzia maite dugu garaiotan, ez amildegien arteko soka tenkatuetan orekari ezin eutsiz ibiltzea, arriskatzea. Sormena, inprobisazioa, esperimentazioa, ahots ezberdinei lekua ematea izan dira asanbladak hasieratik bere egin dituen kontzeptuetako batzuk; bertako antzerki, kontzertu, erakusketa, tailer, zine emanaldi eta abarretako konstanteak.

Norbera den bezalakoa izateko leku bat, talde bat; kolektiboa eta norbanakoa uztartzetik eginez joan den proiektu bat. 20 urte hauetan bertan aritu den jendea aldatuz joan da. Bonba eta Kirikoren garaietatik hasi, eta haize berria eman zaio animalien odolez eta erraiez zipriztindutako lekuari. Ez dugu ahazten nondik gatozen. Herriaren bazterretik hauspoa ematen jarraitu nahi dugu.

Hiltegia, etxebizitza, txatar, zabor eta beste hainbat gauzaren biltegi eta aharien gordeleku; artista, musikari, aktore, idazle, poeta, bertsolari, rap egile, ipuin kontalari, libertario, feminista, zinemagile, haur ameslari, egile eta zale askoren topaleku edo, nahiago bada, akelarreen pausaleku. Milaka aurpegi erakutsi dizkio Matadeiko eraikinak gerturatu izan denari.

Okupatzea erabaki zenetik eraikina atonduz, behar zenetan poltsikotik dirua jarriz, dirua lortzeko ekimenak gauzatuz edo proiektua bideratuz urte hauetan guztietan aritutakoei ez zaie omenik egingo. Proiektua bizirik dela ikusteak edo bere baitan nahi duenak lekua izaten jarraitzeak elikatzen dituelakoan nago.

Ez dut omenik eskatzen. Ez dut Matadero Ekintzak-en izenean andramaixetako etxafuegoa botatzen inor ikusi nahi. Baina bada horrelako proiektu batek aberasten gaituela publikoki onartzeko garaia, egindako lana aitortzekoa; borroka antzuak utzi eta etorkizunean sor daitezkeen zubi eta etxebizitza berrien aurrean Matadeiko eraikina eta bertako proiektua ez direla eraitsiko segurtatzekoa.

Bada garaia beldurrak eta inposatu nahiak albo batera utzi eta ausardiaz, maite ditugunei, estimutan ditugunei ondoan nahi ditugula adierazteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide