Orria zuri eta galdera asko

Erabiltzailearen aurpegia Nora Unanue Piris

Orrialde zuriak dituen koaderno bat. (Pixabay)

Nora Unanue kolaboratzaileak otsaileko Azkoitia Guka aldizkariaren Errematea iritzi atalerako idatzitako artikulua da honako hau: Orria zuri eta galdera asko.

Lerro hauek irakurriko dituzten azkoitiarrak gutxi izango dira. Baliteke irakurriko dituzten horietako askok ere pausa errealik egin gabe eta, kalean diogun moduan, "azkarrera" irakurtzea. Ezer berririk ez. Benetan esan nahiko (ge)nituzkeen gauzak erdi-bidean galduko dira, beraz. Guztiok ados.

Hori gutxi ez, eta orri zuriaren sindromearekin egiten dut topo askotan neure buruari idazten ari ez naizenean. Hartzailea edozein edo guztiak batera izango direnean. Nori idazten diot, eta are garrantzitsuagoa dena: zertarako? Hausnarketa propioek balio ote dute kafesne bat hartu bitartean hau irakurtzen ari denari zerbait mugitzeko? Gehienetan, ezezkoa da erantzuna.

Hala ere, askok inertziaz idazten dugula deritzot. Zerbait esan nahi eta horretarako espaziorik, formarik edo baliabiderik aurkitzen ez dugunean jotzen dugula honetara. Egozentrismoa, beraz? Ahotsa kendu dietenen partez oihu egitea zilegi al da? Agian, ostiral arratsaldez pankarta baten atzean ikusiko ez gaituztenek irakurriko nauten esperantzaz. Ezinegona sortzen didaten egoera pertsonal eta koiunturalez hitz egitea inertzia ote da? Politika inertzia al da, honek zuzenean eragiten ez dionarentzat? Zer esateko idazten dugu?

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide