Azkoitia Gukako eskaparatea argia da: Goizean, “Indarkeria matxistaren aurka, ikasle langile, antolatu!” lelopean elkartu ziren atzo Batxilergoko, DBHko eta Izarraitzeko ikasle nahiz irakasleak. Matxismoaren aurka, “zero tolerantzia” aldarrikatzen zen eguerdiko hamabietan kontzejupean. Kaleak berriro hartzeko eta antolakuntzara batzeko deia zabaldu zen arratsaldean Eliz Atarian.
Azkoitiara iritsi berri den emakume batek bere erasotzailearengandik ihes egiteko, etxea utzi behar du, ordea. Badaki, legalki dagokion etxean ezin izango duela hiru hilabete baino gehiago bizi, ordea.
Larunbat gauez kalera irten, eta, ligatzeko ez bada, nesken laguna izan ezin dela dioen bere adineko mutilarekin egon da 16 urteko neska, ordea.
Sare sozialetan sartu, eta emakumeen irudiaz aberasten den Onlyfans plataformaren iragarkia darama bere influencer gustokoenak, ordea.
“Zero tolerantzia” esateak badu bere zentzua, kontzientzia politikoa eraikitzeaz hitz egiten ari bagara. Galdu egiten du, ordea, emakume langileon arteko antolakuntzari dei egiten ez badiogu. Erasoak ematen direnean, herriak ez badu erantzun kolektibo bat emango. Urtean zehar ere, gai hau ez badugu presente izango. Eskandaluak erasotzaileak kanpotarrak direnean bakarrik egiten jarraitzen badugu.
Jarraitu dezagun sareak antolatzen. Jarraitu gaitezen politizatzen eta antolatzen. Jarraitu dezagun, eraso ororen aurrean, kaleak eta heziguneak aldarriz betetzen.