Bidasoa eskubaloi taldeko kideak izan dira Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Olariaga 2016ko aza. 15a, 12:22

Argazkian, Bidasoa eskubaloi elkarteko kideak Floreaga ikastetxeko gaztetxoekin.

Herrian eskubaloia sustatzeko asmoz, hainbat ekintza bultzatu dituzte Azkoitiko eskubaloi taldeko entrenatzaileek, eta atzo, astelehena, Floreaga ikastetxeko LH 4. mailako ikasleekin izan ziren Bidasoa eskubaloi elkarteko kideak: Kauldi Odriozola (lehen taldeko Eskuin muturreko jokalaria), Sebastian (txikien entrenatzailea), Aritz Sodupe (Bidasoa elkarteko kidea) eta Gerard Gomis (Nazionaleko lehen mailako jokalaria eta kadete nesken entrenatzailea) izan ziren asteleheneko entrenamenduan. Jolasen bidez erakutsi zizkien gaztetxoei eskubaloian jokatzeko oinarrizko teknikak.

 

Harrapaketan ibili ondoren, lau talde txikitan banatu zituzten. Talde horietan ikasi zuten, besteak beste, paseak nola egin eta baloia atzera nola bota behar den. Oinarrizko ariketak egin ondoren, partida labur bat jokatu zuten. Gaur, asteartea, Floreagako LH3. mailako ikasleen txanda izango da, eta Jon Azkue lehen taldeko erdilaria joango da. 

Duela gutxi sortu dute herriko eskubaloi taldea Nagore Silvan, Nerea Etxaniz entrenatzaileek eta Eli Alberdi entrenatzaile fisikoak. Hona hemen Maxixatzen aldizkarirako entrenatzaileei egindako elkarrizketa: 

Zer dela eta bururatu zitzaizun eskubaloi taldea sortzea?

Nagore: “Gazteei beste aukera bat eman nahi genielako eta Azkoitian futbola eta saskibaloia direlako nagusi. Nik eskubaloian jokatzen nuen, eta iruditu zitzaidan gazteei ere gustatuko litzaiekeela eta herrian sartzea posible dela. Horregatik, pausoa eman nuen”.

Nolako entrenamenduak egiten dituzue?

Nagore: “Orain denetarik egiten dugu. Gure helburua da gazte talde hau datorren urtera begira federatzea, eta, horregatik, entrenamendu teknikoak zein fisikoak egiten ditugu”.

Zein sexu eta adinetako jendea duzue taldean?

Nagore: “Oraintxe bertan, bi gazte kenduta, beste guztiak neskak dira. Arraroa da; izan ere, herriko gazte guztiei eman zaie jokatzeko aukera, eta bi mutilek bakarrik eman dute izena. Adinari dagokionez, DBHko eta batxilergoko jendea daukagu”.

Lehen, futbola eta saskibaloia; orain, eskubaloia. Zergatik?

Nerea: “Eskubaloiak beti eman izan dit atentzioa, eta Nagorek aukera eman zidan berarekin eskubaloi taldea sortzeko”.

Ba al duzu esperientziarik kirol horretan?

Nerea: “Jokalari moduan ez naiz inoiz ibili, baina orain urte gutxi ikasi nuen nola jokatu, eta hementxe nabil, entrenatzaile”.

Entrenatzaile gisa, zerk motibatzen zaitu?

Nerea: “Betidanik gustatu izan zait kirola egitea eta gazteekin egotea. Eskubaloiaren gaiak gazteengan eragin duen ilusioak motibatu nau gehiena”.

 

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide