Atzera-aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Mirentxu LarraƱaga Sueskun

Mirentxu Larrañaga Sueskun kolaboratzaileak Azkoitia Gukaren urriko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Atzera-aurrera.

Bidaia batetik iritsi berritan ikusia dut, eta ez abiatzean, beharko nukeen moduan: "A Traveller’s Needs" (Bidaiari baten premiak).

Hala itzuli zuten Hong Sang-soo zuzendari hegokorearraren filmaren izenburua; Zilarrezko Hartza irabazi zuen 2025eko Berlinalen, eta Seulgo herritar batzuei frantsesa ingelesez irakatsi nahi dien emakume frantses misteriotsu baten ibilerak dakarzkigu.

Gaztelaniara La viajera gisa ekarri zuten, ezin jakin zergatik, edo bai: ahalik eta laburren biltzearren filmaren mamia, eta amu komertzial erakargarri bihurtu; baina horrek beste lerroalde batzuetarako lain emango liguke. 

Iris du izena filmeko protagonistak, eta sistema bitxi bat asmatua du, hala eskatzen diotenei frantsesa irakasteko, ingelesez: testulibururik, esaldi infantilik edo turistentzako modukorik erabili beharrik gabe; soil-soilik, emozionalki hunkitu ditzaketen esaldi sakonak –aurrez berariaz kartulina batzuetan frantsesez idatziak– errepikaraziz gauero bakoitzari, harik eta, errepikatzearen errepikatzeaz, beren sentituko dituzten arte, hilabete pare bat barru-edo, eta, orduan, liburu bat aukeratu eta elkarrekin irakurri ahal izango dute.

Écoutez et répétez leloa datorkit akordura, gure aitak Hispavox disko jogailu zuri-gorrian aditzen zituen frantseseko eskolak gogoan; zenbat esaldi zoragarri ez ote genituen geure egin orduan, edota Kultur Etxean Gaztetxekoek antolatzen zituzten zinema ziklo gogoangarrietan.

Eta, arrazoi, belaunaldi batekook behintzat, gaztelaniazko marrazki bizidunekin ere ikasi baikenuen artean arrotz zitzaigun erdara hura. Zer-nola? Irudi bizigarri haiek gustura askorik eta inolako bihotz damurik gabe barneratuz egunero. Bejondeiola Isabelle Huppert aktoreak ezin hobeto antzezten duen pertsonaiari! (Filma ikusi gabeak zaretenok, lasai, orain pagotxa galanta duzue-eta propagandarik egingo ez diedan zenbait plataformatan).

Umetan, berriz, izeko batek aparte hartu omen zuen behin gure ama, neba-arreba biok adimen urritasunen bat izango genuela sinetsita, gaztelaniaz tutik ulertzen ez eta lelo aurpegiaz begiratzen geniolako; kontu benetan serioa zen, gero, medikuren batek lehenbailehen aztertu beharrekoa!

Barkatu konparazioa, baina lepoaldeko zainak handitu egiten zaizkit edozein herri txikitako edo hiri handitako nonahiko harreragileak eta zerbitzariak euskaraz ari natzaielako begiak txankamalo geratzen zaizkidanean, gu izeko hari nola; ez alferrik euskarahalduntzeko ikastaroak antolatzen hasiak dira bazterretan, euskaraz jarduteko geure eskubidea baliatze hutsez kontzientziako har gaiztoak barrenak jan ez diezazkigun. Badugu zer landu ikasturte honetan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide