Barriketan

Erabiltzailearen aurpegia Mirentxu LarraƱaga Sueskun 2026ko otsailaren 1a

Eliz atariko Barriketako iturria. (Guka)

Mirentxu Larrañaga Sueskun kolaboratzaileak abenduko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Barriketan.

Ez nekien barrika hitzak puxika edo maskuria ere esan nahi zuenik; ulertzekoa da, ordea, kontuan hartuz gero zer larritasun ekar diezaiokeen edonori 100-600 litro ingurukoak izan ohi diren kupel horietako edukia zanga-zanga edateak.

Barrikatik barriketara, berriz, apenas dagoen tarterik. Barruko likidoa nolakoa, holakoxea izan bailiteke mihiaren dantza, berbarako gogoa, denbora-pasako berriketan aritzekoa, edo, zergatik ez, iturri neoklasiko eder baten ondoan jarrita paolan egotekoa. Horretarakoxe aukera bikaina ematen digu azkoitiarron ikurrik geureenetako batek, Mariano Jose Laskurain arkitektoak berez Plazaberriko zumardi erromantikorako diseinaturikoak, gerora Etxe Beltz aurrera aldaturikoak. San Martingo erlojua begi-bistan izateak topagune ezinbesteko bihurtzen du, edonolakoa dela hitzordua: elizkizunen batetiko irteera, andremaixetako suzko erroberen osterako lagunarteko juntadizoa… Plazaberrin dotore emango zuen 1831n, dudarik gabe, baina ezin ukatu gaur egun dagoen tokian ere –egarri-aseleku izateaz gain– eginkizun ugari betetzen dituela.

Barruko likidoa nolakoa, holakoxea izan liteke mihiaren dantza, berbarako gogoa

Ez alferrik, halaxe iritzita aukeratu bide zuten kokagune hori aurtengo Euskaraldiaren Azkoitiko hamaikakoaren aurkezpenerako. Eta halaxe geratu nintzen neu, harri eta zur, Andoni Elduaienek albiste haren adierazgarri Gukaren webgunean jarri zuen argazkiari begira-begira: Barriketan ez zen ageri jatorrian zizelkaturik zuen dataren arrastorik, orain hurrengoan Zaharrak Berri atalean argitaraturikoan ez bezala, edo Azkoitiko Udalaren webguneko Ondarea sailekoan. Urtemuga hura argi ikusia nuen, baina, Shanty Oriaren artelan batean!

Halaxe, bada, neurez ikustera joan nintzen, eta, bai, hantxe ageri du zizelkaturik 1831 zenbakia; neure burua konbentzitze aldera-edo, hatz erakuslea pasatu nuen zifra bakoitzaren siluetako sakonunetik, eta argazkia ere atera nion (bata martxoaren erdialdean eta bestea azaroaren amaieran). Ez alferrik! 

Baliteke urtearen digituak lauso antza ikuste horretan zerikusirik izatea urte sasoi bakoitzaren araberako argiak, edota eguneko zein ordutan begiratzen zaion ibaiertzeko barrika pareari. Nolanahi ere, betaurrekoekin edo betaurrekorik gabe, lanbro artean bezala antzeman daiteke. 

Ai ene! Zenbat ezusteko ibilera, buruhauste eta alferreko neke!

Beharbada, Mari Domingiri eskatu beharko genioke iturriaren urtea ­–kanposantuko hilarrietakoak bezala– nabarmentzen esku har dezala, gabon eskean botila ardoa tantaz tanta hondoraino zurrupatzeak Olentzerori dakarkion ondoa Azkoitiko eliz atariko bi kupel handiotako mama goxoa edanaraziz arindu behar izan dion aldi ez-bakanen izenean. Ondo beharrez!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide