'Zurt' edo zart

Mirentxu Larrañaga Sueskunek Maxixatzenen urtarrileko aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Zurt edo zart'.

Bakarne sekula baino bakarrikago sentitu zen atzen-hurrengo Gabon haietan. Jendez inguraturik ere hain bakarrik sentitu zen, atal honetantxe kontatzea erabaki baitu zerk eragin zion halakoxe bakardadea!

Urtezahar iluntze aldean gertatu zitzaion, afalaurreko poteo hutsezinean hasi bezain laster.  

Kalera bakarrik irten nahi ez zuenez, senarraren kuadrillakoekin elkartzea pentsatu zuen, aspaldiko partez. Hain aspaldikoz ere! 

Hemezortzi urte inguru izango ziren, bai, etxera gabon-afarikoak egitera erretiratu aurretiko taberna-jira hartara irteten ez zela; seguru asko, Erregeen bezperako kabalgatara bildutako haurren eta haien aitzakian inguratutako helduen ekarriko erregu-oihu ametsetakoekin batean, ezaugarri horrexek emango dio ospe berezia Azkoitiko gabon-giroari, inguruko herrietakoenaren aldean. 

Atzen-aurreko horretan, bada, herriko tabernetako batean fortunaturiko pasadizo batek sekula ez bezain bakartua sentiarazi zuen Bakarne, ezustean; ezinago ezustean harrapatu baitzuen harrapatu zuenez. 

Herrian urte-sasoi horretan kalean tabernaz taberna ibili ohi denak ondotxo daki zer errenta oparo dakarkion –bai bertako jendeari bai kanpotik datorrenari– taberna bateko eta besteko zerbitzariek eskura jartzen dioten karta-joko zorabiagarriak; nekez uko egin ahal zaio zurrunbilo halakoan murgiltzeari!  

Eta halaxe sartu zen Bakarne, gabon-jaien bozkarioaren tropelean, Zurten. Eta hantxe egin zion zart buruak handik gutxira. 

Karta-festari ginga jarri nahian bezala, berehala hasi zitzaien ekinean zerbitzaria –azken belaunaldiko mutil gaztea bera–, tabernara batutakoen artean karta-sortako ale guztiak banatzeko asmoz. Eta hara non bota zuen, bat-batean: "Zazpiko urrie, neskazarrak lenbailen nobixue topau daxen". Eta, abantaran, berak bere burua zuzendu: "Batte mutilzarrak e nobixie". 

Mutil gazteari bere hitzen hotsak zapart egin arterainoko tarte labur horretan, baina, Bakarneren inguruko inortxok ere ez zuen inolako imintziorik egin, entzun nahi gabeko kirtenkeria hartaz ahots goraz kexatzeko. Ezta Bakarne berak ere, beldur izan baitzen alboan zituen ezagunek azkenean ez ote zioten berari kargu hartuko, galaniaz kexatzen ari zela-eta!  

Zer axola zion hango inori tabernako barran bermaturik aditu berri zituzten paola haiek baten bati inolako ondoezik eragin ote zioten? Zer ondoez eta zer ondoez ondo! Orduan ere, betiko moduan, kejie ta desditxie elkarren enkontruan!

Eta, istant hartantxe, Bakarne bakar-bakarrik eta txiki-txiki sentitu zen hainbeste jenderen artean, beldurraren beldurrez mutu… Ezen ez itsu, argi baino argiago ikusi baitzuen zelakorik ez zuen entzun nahi; are, gustura txalo jo nahi izango zion tabernako zerbitzari gazteari, eta erantsi: "Neskazarrak nobixie, mutilzarrak nobixie, eo dana dalakue"; bai eta gainerakoei lotsa-izpirik gabe aldarrikatu ere: "Esazue hitz bat, eta sendatuko naiz", harako hark esan zuen moduan. 

Besterik ezinean, aurtengo Gabonak bitarte, gurari bakarra bete ahal izatea opa dio Bakarnek bere buruari eta hurko orori: kemen nahikoa biltzea eta, kartak harro altxatuz, enbido handira jotzea bidegabe hitz egiten ausartzen den edonori! 

Um-blem-ble, zut-tente, gutxinaka, aurreraka, jostan argi joka, topaz ospa opa, ieup! 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide