Gu ez gara gutxiago izango... lasterketan parte hartu ez arren

Erabiltzailearen aurpegia Mailu Irizar 2018ko urr. 12a, 08:00

(Argazkia: Irutxuloko Hitza)

Ezagutzen nauzuenok badakizue ni ez naizela oso kirolzalea eta ez dudala kirol mundua batere kontrolatzen. Baina aurtengo Behobia-Donostia lasterketaren irrati-publizitatea entzutean halako ezinegona sortu zitzaidan neure baitan:

 

Honelako zerbait zioen gizonezko ahots batek: «.... emakumeen parte hartzea %50ekoa izatea nahiko genuke». Eta ondoren emakume ahots batek: «Anima zaitez, gu ez gara gutxiago izango». Horra hor bi esalditan hierarkizazio argi eta garbia. Beraiena (gizonezkoena, alegia) da ona dena, lortu beharrekoa; gu, emakumeok, gidatu behar gaituena, beraiek baino «gutxiago» ez izateko, ez kopuruz, ez gaitasunez.

Geroztik saiatu naiz esaldi horiek inoiz alderantziz entzun ote ditudan gogoratzen: hau da. emakume ahots batek horrelako zerbait esatea: «... gizonezkoen parte hartzea %50eko izatea nahiko genuke»; eta gizonezko ahots batek erantzutea: «Anima zaitez, gu ez gara gutxiago izango». Bada, gogor saiatu arren ez dut adibide bakar bat ere aurkitu.

Dirudienez, emakumeok ez dugu beraientzako baliagarria izan daitekeen ezer. Beraiek landutako esparruak dira gizarte honen euskarri, eta guk haruntz jo besterik ez dugu baldin eta berdintasuna lortu nahi badugu.

Nik badakit ariketa fisikoa egitea ezinbestekoa dugula eta bizimodu estresatu honetan tarte bat hartu behar dugula horretarako. Baina gurpil ero batean sartu garela iruditzen zait: jada, ez da aski ibiltzea edo korrika egitea. Korrika egiten hasten bazara berehala duzu maratoi, lilatoi, duatloi… baten parte hartzera bultzatzen zaituen norbait. Lehiakortasunaren zurrunbiloan murgiltzera bultzatu nahi gaituzte: lasterketak, markak, errekorrak… (norberarenak, besterik ez bada ere); horrek du balioa eta balorea gure gizartean.

Emakumeen kirola bultzatzea da talde eta erakunde askoren helburu nagusietako bat (nahiz eta gero eguneroko jardueran ez asko antzeman). Ni ados, kirola egin nahi duten emakumeek aukera berberak izan beharko lituzkete. Baina gizonezkoen kirol eredua nahi dugu guretzat? Bide horretan edozer gauza onartzeko eta normaltzat hartzeko prest gaude?  12 urteko neska-mutilak talde ezberdinetan banatzea (onak eta ez hain onak), dopina, zaleen arteko liskarrak, munduko futbol txapelketaren inguruan ikusi eta entzun ditugun irudi eta albisteak...

Badakit zer esango didazuen: «horrek ez du zerikusirik kirolarekin, horrek pertsonekin du zerikusia» eta neurri batean hala da, baina kirola ulertzeko eta bultzatzeko erak ere badu eragina nire ustez. Ni oso bertsozalea naiz, eta azkenengo finaletik oso gustura atera nintzen Maialenek irabazi zuelako, baina egon ziur ez nuela negarrik egingo Aitorrek irabazi balu ere. Badakit honen erantzuna ere: «ez da gauza bera». Askotan esan didate futbolzalea ez naizenez ezin dudala ulertu jendearentzat zer den hori. Hara hor, berriro ere, garbi gelditzen da nire zaletasuna ez dela beraiena bezainbestekoa… kirolzaletasuna beste zerbait da, beste maila batean dago… Eta kirolzaleak ez garenok ezin ulertu…

Amaitzeko, emakumeon kirol esparrua zabaltzen ari garen honetan, Maialenek Anoetan proposatutakoa gogoratu nahiko nuke: «Lehiaren gaindik susta ditzala balio eta manerak, bultza ditzala neska-mutilen kirolerako aukerak, eta izar eta zaleen artean tokia izan dezala euskerak».

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide