Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Udazkeneko Erronka egitasmoa abiatu du beste ikasturte batez herriko ikastetxeetan. Joan den astetik, Bizilore Eskola Aktiboko, Floreaga ikastetxeko eta Azkoitia BHIko DBH 1 eta 2. mailetako ikasleak ari dira parte hartzen lehiaketan, eta astez aste, Azkoitiko euskarari eta euskal kirolari, kulturari zein historiari lotutako galdera sorta bana erantzun beharko du ikasgela bakoitzak. Izan ere, egitasmoaren helburua horixe da: gazteen artean euskara sustatzea eta euskal kultura lantzea.
Urriko lau asteetan gauzatuko dute erronka: Maxixatzenek astelehenetan ematen dizkie galderak parte hartzaileei, eta haiek ostiralera bitarteko tartea izaten dute galdetegia gelan landu eta erantzuteko. Galderak zuzenen erantzunda, lehiaketa irabazten duen ikasgelak hamaiketako eder bat jasotzen du trukean.