Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen 30. urteurreneko ekitaldia, osorik ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2026ko apirilaren 28a

Musika, dantza eta bertso artean, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak ekitaldia egin zuen larunbatean 30. urtemuga ospatzeko, eta Gukak osorik grabatu zuen saioa ikusgai da. 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 30. urteurreneko ekitaldia egin zuen joan zen larunbatean Kontzejupean. Dantza, bertsoak eta musika uztartu zituen elkartearen ospakizun saioak, eta hiru hamarkadetako ibilbidea gogoratzeko zein etorkizunaz hausnartzeko tartea ere hartu zuten hango kideek. Hemen ikus daiteke Gukak osorik grabatu zuen saioa, eta honako hau da elkarteak irakurri zuen manifestua: 

Gezur osterako prest

Azken hogeita hamar urte hauetan, aurrerabidearen zoroak bizi izan gaitu, eta, aurki, hara miraria, batere pentsatu beharrik gabe bizi ahal izango dugu. Gailu teknologikoek esango digute nor izan ginen, nor garen, nor izango garen. Guk baino mila bider memoria ahaltsuagoa duten makinek gobernatuko dizkigute pausoak, musuak, taupadak, baldin eta aurrerabide ustezkoari obeditzen badiogu.

Lehenago ere, aurrerabide horri obeditu izan bagenio, orain ez ginateke euskaraz arituko. Tokiko hizkuntzari eusten asmatu dugu euskaldunok, baita azkoitiarrok ere. Egia osteko garai hauek iritsi arte, gezurra ez da kaltekoa izan beti. Gezurrak balio izan digu hizketarako, jolasa zorrozteko, minak leuntzeko, beldurrak uxatzeko, elkar pizteko, bizitza edertzeko. Badira, noski, kalteko gezurrak ere, eta edonon dabiltza gaur. Biziaren jolasari eusteko, hesiak altxatu beharko dizkiegu hiltzeko gezurrei. Egiaz egia, galduko ez den memoria bat eraiki dezakegu, elkar hartzearen kemenez, kalteko asmoz datorkigunari aurre eginez; euskararen alde bai, euskararen aurka ez. Gure historiak kontatuko ditugu plazan, bakoitzak berea, etxean etxekoa, herrian herrikoa, nork bere hizkuntzan, eta guk geurean, euskaraz.

Memoria nagitzen utzi gabe, jarrai dezagun maxixatzen, gezur osterako prest, beste hogeita hamar urtez behintzat!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide