Euskara larrialdian dago, indarraldi beharrean, baita Azkoitian ere. Jauzi bat egin ezean, 2036an euskarari ez zaio arnasgune geografikorik geratuko. Oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoak ez du atsedenik. Euskararen etorkizuna dago jokoan.
Argi dago: euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa.
Abenduaren 27an Bilbao Arena —Miribillako kirolgunea— euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtuko dugu. Etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea.
Zergatik hartu parte ekitaldian?
➡️ Euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egiteko.
➡️ Euskal jendarte osoari mezu argi bat helarazteko: euskara guztion ardura dela.
➡️ Hizkuntza-politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat bultzatzeko.
Azkoitian, zer egin dezakegu? Eta nola?
- Abenduaren 12an, ostirala, 17:30ean hurbildu herriko plazara. Euskaltzaleon eta herriko eragileon agerraldi bateratua egingo dugu.
- Eman atxikimendua Pizkundeari. Irakurri testua, eta atxikimendua adierazteko, bidali mezu bat bueltan. Eragileen zerrendan gehituko zaituztegu.
- Zabaldu eta eman oihartzuna Pizkundeari. Baliatu zuen kanalak eta sareak. Abenduaren 27ko ekitaldiaren kartel fisikoak eskatu guri. Atera talde-argazkiak, eta igo sareetara. Eskuratu sare sozialetan erabiltzeko materiala.
- Elkartu, batu, antolatu, indarrak biderkatu. Ekarri hizkuntzaren auzia mahai gainera eta lehentasunetara.