AmaXtrem taldeak irabazi du Orbel Jokoak lehiaketa

Giro paregabean jokatu zuten atzo arratsaldean Orbel Jokoak lehiaketako finala, Elkargunean. Hiru talde aritu ziren nor baino nor gehiago, baina AmaXtrem taldea nagusitu zen, 138 punturekin.

Ordubete eskas iraun zuen atzo arratsaldean jokatutako Orbel Jokoetako final biziak. Orotara bost proba jokatu behar izan zituzten finalera iritsi ziren AmaXtrem, Oro ez da urre eta Metroterdi taldeek.

Lehen proba esaera zaharrak osatzekoa izan zen, eta Metroterdik abantaila txiki bat hartzea lortu zuen. Aldiz, bigarrenean, herriko hainbat obren zati baten argazkia ikusi eta obra zen zen asmatzeko Artisten Azkoitia proban, AmaXtrem eta Oro ez da urre taldeek aurre hartu zioten. Hirutik bat izeneko hirugarren proba 38 puntuna berdinduta amaitu zuten, eta azken bi proben aurretik markagailuak alde txikiarekin jarraitzen zuen. Laugarren proban AmaXtremek berriro abantaila hartu zuen, eta nahiz eta azken proban Oro ez da urre taldea asko hurbildu zitzaion, 6 punturengatik AmaXtrem nagusitu zen.

Finaletik kanpo geratu ziren hamaika taldeetatik batzuk finaleko lehia ikustera bertaratu ziren, eta horiek Hirutik bat izeneko hirugarren proba jokatzeko aukera izan zuten. Hiru-hiru taldeak irabazi zuen proba hori, eta ondorioz, kontsolazioko 60 euroko saria.

Aurtengo Orbel Jokoetarako galderetako batzuk herritarrek proposatu zituzten; ondorioz, Mila Gorostegi eta Ixabel Jauregi 60 euroko bonoarekin saritu zituzten prestatu dituzten galdera sortarekin lehiaketari ekarpena egiteagatik.

Hona hemen 2024ko Orbel Jokoen puntuazioa eta sailkapena:

  1. AmaXtrem taldea, 138 punturekin.
  2. Oro ez da urre taldea, 132 punturekin.
  3. Metroterdi, 116 punturekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide