"Harrituta, pozik eta hunkituta nago Geure Gelatik azokan idazle omendua izango naizelako"

Jasone Osoro. (Maider Egues)

Hirugarren urtez jarraian Geure Gelatik emakumeen liburu azokak idazle esanguratsu bat omenduko du. Aurtengoan Jasone Osoro elgoibartarra izango da, bereziki euskarazko gazte literaturari egindako ekarpenarengatik.

Nola jaso duzu 2024ko idazle omendua izango zaren albistea?

Harriduraz, pozik eta hunkituta. Harridura, inoiz ez duzulako horrelako zerbait jasotzea espero. Pozik eta hunkituta, egindako lanaren errekonozimendua delako. Eta ilusio askorekin, proiektu berriei eusteko indarra eman didalako.

Lehen ere parte hartu izan duzu liburu azoka honetan. Zer iritzi daukazu?

Bai, iaz izan nintzen, gazte literaturari buruzko mahai inguru batean, Alaine Agirre eta Xabier Mendigurenekin. Plaza bera (azoka) eta plazandreak (gonbidatuak) oso ondo zaintzen dituztela ikusi nuen. Hasiera hasieratik sentitu nituen gertutasuna eta profesionaltasuna; lana ondo egin nahi denaren seinale. Bere apaltasunean, liburu azoka handia izateko oinarri sendoak ditu eta emakumeok idatzitako literaturari eskainia izanik are aberasgarri eta beharrezkoagoa dela irizten diot.

Omenduaren oroigarria jasotzeaz gain, Arrakasta liburua aurkeztuko duzu. Zergatik saiakera, eta ez fikzioa?

Kontatu nahi duzun gai bakoitzak bere estilo propioa eskatzen du, izan daiteke ipuina, eleberria, poesia edo saiakera. Kasu honetan, nire barruan zegoen galderak, zer da, bada arrakasta?, saiakera forma eskatzen zuen. Ni kazetaria ere banaiz eta saiakerak bi arloak uztatzen ditu, kazetaritza eta literatura. Oso bidaia ederra izan da. Hasieran, aro lehor xamarra neraman hartan, ideia izatea pizgarri bat izan zen, asko ilusionatu nintzen. Gero, jendeari deitu, baietza jaso eta haiekin geratzea marabilla bat izan zen. Liburua idaztea benetan aberasgarria eta argigarria izan da. Eta orain bizitzen ari naizena ere ezin oparoagoa izaten ari da. Beraz, pozarren nago.

Zure bizitzan arrakasta lortu duzulakoan al zaude?

Niretzat arrakasta armonia da, oreka. Arrakasta da maila pertsonalean maite duzun eta maite zaituen jendea izatea. Arrakasta da maila profesionalean zure lanaren errekonozimendua jasotzea. Momentu honetan bai, arrakastatsua sentitzen naiz. Momentu honetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide