Maxixatzeneko taldetik saiatu gara gure 25 urteko ibilbidean laguntza eskaini diguzuen guztioi gure eskertza azaltzen. Urtero antolatzen ditugun ekintzez gain (Maiatzeko Lorak, Orbel Jokoak...), 2022an erreportaje digitala argitaratu genuen eta aldizkarian urte hauetan musutruk lagundu diguzuen guztioi bazkaria eskaini. Horrez gain, udaleko Berdintasun Sailaren babespean, Geure Gelatik liburu azoka berreskuratu genuen, inoizko programazio hoberenarekin.
Horrek guztiak sekulako aurrekontu igoera zekarrenez, dirulaguntza eske ibili gara han eta hemen. Herriko enpresek bikain erantzun dute; ezin berdina esan, ordea, Eusko Jaurlaritzari buruz. Erreportaje digitalerako aurreikusi genituen 2.000 euroak ukatu dizkigute ulertu ez dugun baldintza burokratiko batengatik.
Horren ondorioz, 2022an emaitza ekonomikoa espero baino txarragoa izan da, eta lehen ondorioa bazkideek pairatu behar izan dute, horiek 2023ko egutegirik gabe gelditu baitira.
Datorren astean jakinaraziko ditugu 2023rako Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak dituen asmoak.