Andoni Egañaren Berriako zutabea: Kulturaz

Oskorrirenak harrotu ditu hautsak. Egiari zor, duela pare bat urte-edo BERRIAn bertan Natxo de Felipek aho-bizarrik gabe eskainitako elkarrizketa hark ematen zuen jada zer pentsatua. Orain, azken guda dantza iragarri dutelarik, ETB2ko informatiboetan ere egin diete txoko bat. 

Iragana aipatu dute urrutikoenek, nostalgia, gaztaroko abesti kuttun haien egileen agurraren berri izan dutenean. Furra furra-rekin egindako dantza saioak; Euskal Herrian euskaraz-i esker euskara ikasten ari zirela egindako aurrerapausoak;Katuen testamentua-rekin, haurrak haur zirela, familiak kantuan egindako auto-bidaiak.

Hurbilagotuz, ordea, nostalgiari bestelako sentimendu eta gogoeta mailak hartzen dio gain. Profesionaltasuna, musika maila bikaina eta abesti bakoitza mimatzeko izan duten tentua aipatuko dituzte gehien-gehienek. Horrez gain, Txuma Murugarrenek, esaterako, sintomatikoa dela Oskorriren agurra, dio. «Plazarik ez dagoelako eta gaur egun interes handirik ere ez dagoelako, pena da Oskorri bezalako proiektu mardul batek agur esan behar izatea, nahiz eta erreferentziazko proiektua izan, kanta gogoangarri asko utzi dituena bere ibilbidean. 'Kultura' izeneko marasma horren erdigunean dago sortzailea, baina ez da oso kontuan hartzen. Ematen du garrantzitsuagoa dela kontzertua antolatzen duena, kontzertua ematen duena baino». Eta Mikel Markezek aho betean botatzen ditu askok aho batez sinatuko genituzkeenak: «Gure herria ez baldin bada herri gisa Oskorri bezalako talde bat mantentzeko gai —badakit modu oso sinplean esanda dagoela—, ez baldin bada bere ikono kulturalak errespetuarekin zaintzeko gauza, herri honek, garbi esanda, ez du ezertarako balio. Egingo dugu borroka beste atal batzuetan, baina ez gara sekula herri izango. Honek erakusten du, berriz ere, ez garela herri. Pertsona baten osasuna bezalakoa da. Ezin duzu esan osasuntsu zaudela deneko minak baldin badauzkazu. Hau min bat gehiago da. Arrazoia baldin bada ez dagoela emanaldirik, horrek emango luke gure herriaren termometroa, sinpleki».

Jarraitu irakurtzen Andoni Egañaren zutabea Berria.eus-en. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide