Zortzi urteko ibilbide oparoaren ondoren, Marea Urdinak atseden hartzea erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia Marea Urdina 2025ko urr. 31a, 09:10

Marea Urdinako hainbat ordezkari. (Marea Urdina)

Ibilbidean egindako lanarekin "gustura", geldialdi bat egiteko garaia heldu dela azaldu du elkarteak. "Nekatu egin gara, eta elkarteak beste bultzada bat behar du aurrera jarraitzeko", esan du. 

Zortzi urteko ibilbide oparoaren ondoren, Marea Urdinak atseden hartzea erabaki du. Atzera begiratuta, gustura sentitzen gara egindako bidearekin. Urte hauetan zehar, gure inguruko erakundeetan eta elkarteetan neurri batean eragitea lortu dugula uste dugu; olatu txiki bat abian jarri genuen, eta gure neurrira bada ere, hainbat bazterretara iritsi dela sinesten dugu.

Ezin konta ahala ekintza, jardunaldi eta esku-hartze egin ditugu, eta saiatu gara ilusio handiz guregana hurbildu den orori, ahal izan dugun neurrian, erantzun bat ematen. Egin izan zaigun ohiko galdera beti bera izan da: "Zer egin dezaket?" Eta gure erantzuna, halaber, etengabea: "Zer dakizu egiten?" Horixe izan da gure bidea: bakoitzaren jakintza, grina eta ahalmenetik abiatuta, elkarren artean olatu urdina indartzea.

Orain, ordea, garaia heldu da pausatzeko. Nekatu egin gara, eta elkarteak beste bultzada bat behar du aurrera jarraitzeko. Urtez urte saiatu gara kudeaketan eta ekimenetan parte hartuko zuten laguntzaile berriak erakartzen, baina ez da posible izan. Une honetan ez gara etortzen zaizkigun eskaerei behar bezala erantzuteko gai, eta beraz, stand by egoerara pasatzea erabaki dugu.

Elkarteak martxan jarraituko du oinarri administratibo eta sinbolikoan:

  • Martxan dauden proiektu estrategikoen ibilbidean lagunduko dugu.
  • Sortu ditugun material eta baliabideak herritarren eskura egongo dira, eta haien kudeaketa bermatuko dugu.
  • Baina ez diogu erronka berriei helduko, ezta ekimen berririk abiatuko ere.

Bide honetan lagundu diguzuen guztioi, bihotzez eskerrik asko. Zuen babesa, ideiak, energia eta ilusiorik gabe ezinezkoa izango zen Marea Urdinaren olatua.

Eta azken mezu bat: norbaitek olatuari berriz bultzada eman nahiko balio, gure laguntza eta prestutasun osoa izango ditu bidelagun. Marea ez da desagertu, atseden hartzen ari da. Eta, agian, etorkizunean, berriz altxatuko da.

Eskerrik asko bihotzez guztioi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide