Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroa eskainiko dute uztailaren 9an, asteazkenez, Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa ikastetxean. 09:00etatik 13:30era bitartean egingo dute saioa han, Desegiten Ikasi: errealitate inklusiboa eraikitzeko, sar zaitez Lanbide Heziketa Egokituaren gurpilean izenburupean. Dagoeneko matrikula egin daiteke.
Aniztasun funtzional kognitiboaz ikasten jarraitzeko asmoa dutenei dago zuzenduta ikastaroa, hala nola aniztasun funtzional kognitiboa duten ikasleei eta gurasoei –Marea Urdina egingo da matrikularen kostuaren kargu–, publiko orokorrari, unibertsitateko ikasleei, unibertsitarioak ez diren ikasleei, irakasleei eta profesionalei.
Aniztasun funtzional kognitiboa duten ikasleei zuzendutako Lanbide Heziketako inklusio eredua aurkeztuko dute bertan. Ikastaroaren helburua da hezkuntza sistemaren eraldaketan parte hartzeko eztabaida sortzea, ikuspegi pedagogiko eta sozial berritzaile batetik. Ikastaroan Lanbide Heziketa inklusiboaren erronkak eta aukerak aztertuko dituzte kasu praktikoen bidez, eta tokiko eta nazioarteko esperientziak zein aliantzak partekatuko dituzte, Marea Urdina elkartearekin elkarlanean garatutako eredua azpimarratuz.
Miren Otero Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendariak zuzenduko du ikastaroa, baina beste hainbat hizlarik ere parte hartuko dute saioan: Isabel Mendiguren Jaurlaritzako Ikaskuntza Berezien zuzendaria, Arantxa Larrañaga Izarraitz Lanbide Heziketako idazkaria, Mikel Sarriegi Adegiko Talentu eta Formakuntza zuzendaria eta Aritz Orbegozo Marea Urdina elkarteko presidentea.
Ikastaroaz, gehiago
"Eraiki al dezakegu hezkuntza sistema bat non pertsona oro bere gaitasunen eta erritmoaren arabera hezi eta garatu ahal den? Eraiki al dezakegu gizarte bat non aniztasuna ez den oztopo eta aukera izan daitekeen?", galderei erantzuteko, Lanbide Heziketa egokituak aukera eskainiko die aniztasun funtzional kognitiboa duten pertsonei, hezkuntza eta lan esparru inklusiboagoak eraikitzeko.
Lanbide Heziketako sisteman inklusio eredu bat garatzeko zein hedatzeko eta lan mundu egokitura salto egin ahal izateko, ikasle guztien behar eta gaitasunetara egokitutako ibilbide pedagogikoa eskainiko dute uztailaren 9ko saioan.
Ikusi hemen ikastaroari buruzko informazio guztia.