Azkoitiko Udalak Azkoitiko igerilekuak herritarren beharrei erantzuten dien baliabide bihurtu dadin eraldatze prozesu nagusi bat aurrera eramateko asmoa erakutsi duen honetan, guk, MAREA URDINAK, gure aldetik gure ekarpena egin nahi dugu aniztasun funtzionala duten herritarren beharrak gizarteratzeko asmoa duen elkarte bat garelako.
Ezinbestekoa irisgarritasuna bermatzea. 2019an irisgarritasun unibertsala ez duen gune bat bera ere egotea onartezina izango litzateke. Horretarako eskatzen dugu 'irisgarritasun katea' ondo aztertzea proiektuan martxan jarri aurretik. Honek esan nahi du edozein pertsonak izan beharko lukela aukera sortzen diren edozein espaziora hurbildu, sartu eta ateratzeko bere kabuz, erraz eta etenik gabe, nahiz eta bere muga motoreak, kognitiboak edo manipulatzeko izan.
Irrisgarritasun ezaren adibidea |
Horretan asko lagundu dezake diseinu unibertsalaren oinarriak kontuan izatea: diseinatzen den edozein produktu, espazio, etab. inor bere erabilera eta gozamenetik kanpo ez uzten saiatzen den diseinua izan behar du, haren egoera funtzionala edozein izanik ere.
Irrisgarritasunaren adibidea |
Ildo honetatik, momentu honetan badira toki askotan eraikin publikoak igogailurik edo eskailerarik ez dituztenak, arrapalak soilik dituzte guztientzako, eta handik sartzen eta ateratzen dira erabiltzaile guztiak, edozein dela beraien egoera funtzionala. Gure ustez horrelako konponbideak topatzen jardun beharko genuke eta ez aniztasun funtzionala duterenentzako soluzio espezifikoak topatzen. Azken finean arazoak dituzten pertsonentzako baliabideak guztiok erabili ditzakegu, arazorik ez ditugunak erabili ahal ditugunak aldiz ez, eta gogoratu: guztion egoera funtzionala aldatu egiten dela bizitzan zehar eta ez dakigu noiz beharko ditugun geuk ere.
Irrisgarritasun Unibertsalaren adibidea |
Erabiltzaile ororentzako balio duen diseinua ezin bada gauzatu erabiltzaileen aniztasun funtzionalari erantzuteko egokitzapenak egin behar dira: ezkerrak direnentzako kutxatilak eta ile-lehorgailuak, gutxi ikusten dutenentzako kartel, erloju, etab. handiak, entzumen arazoak dituztenentzako laguntzak, irakurtzen ez dakitenentzako sinbolo edo piktogramak…
Piktogramen erabilera adibide bat |
Baina hori ez zaigu nahikoa iruditzen.
Ezinbestekoa iruditzen zaigu gaur egun mugitzeko arazoak dituzten erabiltzaileek jasaten duten bakardadea eta isolamendua saihestea. Horiek baitira mugitzeko arazoak dituen edozein erabiltzailek Azkoitiko igerilekuan beti ondoan dituen bi nahitaezko bidelagun irisgarritasuna bermatu den moduagatik. Igerileku handia irisgarria egiten duen ibilbide korapilatsu bat egin behar du beti eta ia inor ez du topatuko ibilbide horretan.
Instalazio publikoetan erabiltzaileak beraien burua hain isolatuta topatzea ez da batere egokia.
Eta horrek gogoeta sakon bat egitera baltsatu behar gaitu guztiok: nahitaezko isolamenduan ibili behar izateak non uzten du igerilekura joateko gozamena? Mugitzeko arazoak dituztenentzako igerilekua erabiltzea jarduera bakarti bihurtzen duten egoerak saihestea ez al luke lehentasun izan behar proiektua gauzatzerakoan?
Gurpildun aulkian daudenak, makuluak edo beste gailuak behar dituztenak oinez ibiltzeko dagoeneko bizi dute besteengandik urruntzen dituzten egoerak, instalazio publiko baten egoera hori areagotzen duten elementuak izatea guztiz onartezina da.
Mugitzeko arazoak dituzten pertsonak askotan laguntzaile bat eraman behar dute igerilekuak erabili ahal izateko, eta laguntzaile hauek ere bizi dute bakardade eta isolamendu hau.
Igerilekuak instalazio garrantzitsuak eta aberatsak dira edozein herrirentzako. Herritarren osasun fisiko eta psikologikoari egiten diete mesede eta pertsonen gizarteratzean ere laguntzen dute. Ondorioz erabiltzaile posible guztiak eroso sentitzea proiektuaren sustraian egon beharko luke.
Marea Urdinetik, Azkoitiko aniztasun funtzionala duten pertsonez osaturiko elkartetik, ekarpen hau egin nahiko genuke etorkizunean egingo den igerileku berriaren diseinuan kontutan hartu dezazuen.
Marea Urdina