Eskerrak marea hasieratik norberarena egin duen orori
Garbi genuen zein zen gure helburua, Itsas zeharkaldia horren ondorio izan behar zuen eta ez erdigune. Mezu argi eta garbi bat gizarteratu nahi genuen, pertsona erdigunean jarri eta horren inguruan eraikitzen joan norberak ematen zuenaren arabera.
Autismoa duten pertsonen errealitatea jendarteratu eta haien familien egunerokoaz jabetu arazi muinean buruan genuena. Lau katu ginen ordea, determinazioz josiak hori bai, baina lau. Denon beharra genuen beraz.
Hor topatu zaituztegu zuek. Hurbildu eta piztu zarete, bakoitzak beretik ekin diozue mezua zabaltzeari. Sentitu duzuen bezala egin duzue zeuona Marea Urdinaren helburua. Garbi izan duzue ardura zuen gainean zegoela, ez zela soilik bandera eskuetan argazki bat ateratzea. Bazela era berean etxeko txikiei bainujantzi berriaren esanahia azaltzea, musika klasetan kantua jartzen zenuen bakoitzean gelako aniztasunari begiratzea, tutoretzetan ostiraleko mosaikoaren arrazoiaz hausnartzea, zure taldeko igerilari guztiei Marea Urdineko txapelarekin berotzeko eskatzea, Mongoliako puntara lanera joan eta bertako lankide guztiekin argazkia ateratzeko arrazoia azaltzea ere zure ardura zela jakin izan duzu. Zenbat horrelako.
Eskerrik asko ikasturte honetan guztian zehar Marea Urdinean nolabait murgilduta sentitu den orori.
Eskerrak ere asteburu zoragarria pasarazi diguzuen guztioi
Zoragarria izan da, mundiala. Hasi eta buka. Beste hitzik ez daukagu. Hitza eman eta bete, horrek ezaugarritzen omen gaitu hortik zehar. Asteburuan lagundu gaituzuen guztiok zarete adibiderik garbiena.
Zeharkaldi luzeko igerilariak sekulako lana egin dute. Ahalegin osoa egingo zutenaren hitza eman zuten eta majo bete ere. Lekuko aldaketa bakoitzean bizi izan genuena geuretzat geratuko da.
Zeharkaldi herrikoietan bizi izan genuen giroa nola deskribatu. Azkoitiko igerilekuan kabitu ezinik dabilen oro hantxe genuen begi bistan Debako zeharkaldia eginez, txaloka ta emozioz gainezka. Zumaiako Itzurungo hondartzako irteerak ez du hitzik, magikoa hango elkartasun uholdea, magikoa lekuko trukaketa. Zirraragarria era berean Urola ibaiak itsasoarekin bat egiten duen lekuan txalaparta eta adar soinuz egin ziguten ongi etorri eta agurra. Hori ere bertan egon ginenontzat geratuko da. Zarautzeko mollan jendetza zain igeri egiteko. Ederra hasieran igerilari guztiak mollatik salto eginez Itsasontzira hurbildu ziren momentua ikustea, uretan berriro zirrara lekuko aldaketan. Donostiako Ondarretan beste elkartasun uholdea. Gu eztarririk gabe. Eskerrik asko, besterik ezin esan.
Hondarribiako festa posible egin zenuten guztioi eskerrik asko era berean. Antolatzen, saltzen, muntatzen, desmuntatzen, eta jasotzen. Esan eta egin hemen ere. Azkoitiko “Passepartout” taldeari eta Marea Urdina kantua osatu duzuen guztioi ere besarkada bana.
Amaitzeko, asteburua gure ondoan igaro duzuen guztioi. Kostaldera eta hondartzetara hurbildu zareten guztioi. Orioko eta Hondarribiko amaieretara hurbildu zinaten guztioi. Den denoi, besarkada eta muxu potolo bana. Eskerrik asko.
Amaitzeko, ongi etorri irailean gure ondora
Irailetik aurrera ekimen ezberdinak bultzatu nahi ditugu herrian. Egitura egonkor bat osatu nahi dugu eta ahoz aho ibili dugun mezu eta diskurtsoa egikaritu nahi dugu.
Emozio eta indar ugari metatu ditugu gure inguruan. Herriko eragile eta pertsona ugarik lagundu gaitu urte honetan zehar, gure ondoan egoteaz gain mezua bere egin dute eta aurrera egiteko indarrak eman.
Laster izango dugu hurrengo pausuak emateko garaia eta eragile eta norbanako guztiak jasoko duzue gonbitea. Inklusioaren bidea elkarrekin egin beharreko bidea da, ezin da bakarrik egin. Bide horretan bidelagun nahi zaituztegu.
Datorrenaren ongi etorri aurreratu gisa balio beza gaurko esker oneko mezu honek. Bitartean, gozatu ditzagun guztiok udarako egunak.