Artikulu hauek idazten hasi nintzenean neure buruari erronka bat jarri nion: beti haserretik eta amorrutik ez idaztea. Saiatzen naiz, bene-benetan, baina zaila da.
Euskara beti lotu nahi izan dute krispazioarekin, ideologiarekin eta politikarekin. Egia da ideologikoa dela, baina horren gainetik hizkuntza bat (besterik) ez da, gure hizkuntza da; politikoa ere bada, noski, bizitza honetan dena baita politikoa, halabeharrez. Politikaz haratago doa, ordea, euskara: euskara gure izateko modua da, komunikatzeko tresna, beste hizkuntza guztiak bezala. Ez gehiago eta ez gutxiago. Haatik, ez digute uzten modu natural bezain sinple horretan bizitzen. Beti borrokan, beti indar egiten, beti aldarrikatzen bizi behar izan dute, dugu eta beharko dute ondorengoek ere. Eta errealitate honetan, bada, nola idatziko ditut artikulu positiboak? Bai, posible dela badakit, baina idazteko garaia iristen zaidan bakoitzean, erasoren bat izan berri da, eta kontzientziak ez dit uzten beste aldera begiratzen; justizian eta militantzian hezitakoa izatearen ajeak...
Irakurtzen ari zaren hau oporretan idaztea egokitu zait. Neure buruari esan nion errutinaren etenaldiak, apika, lagunduko zuela idatziari bestelako kutsu bat ematen; ezta hurrik eman ere! Azken artikulua idatzi nuenetik hona, maiatzetik, alegia, hainbat gertakari izan dira euskararen inguruan, positiboak asko, nahiz eta aldarrikapenetik asko izan duten. Hala ere, horietako batek barruko harrak dantzan ipini dizkit: selektibitateko azterketen aferak, hain zuzen ere. Beraz, ezinezkoa egiten zait, beste behin ere, aldarrikapena eta haserrea ez diren beste kutsurik ematea testu honi.
Ezinezkoa egiten zait aldarrikapena eta haserrea ez diren beste kutsurik ematea testuari
Izan ere, ekaina gertakariz mukuru izan da: Euskaltzaleon martxa eta Iruñeko Euskaraz bizitzeko behar den dena manifestazioa, selektibitateko azterketaren ondorengo zirkua, eta Mitoaroa III, besteak beste. Denek ala denek eragin dituzte emozioak nigan; mutur batetik besterako emozioak eragin ere.
Lehenak poza eragin zidan; Euskal Herrian Euskarazek antolatutako martxak itxaropena eman zidan. Bada oraindik gazteengan gure hizkuntzaren alde borroka egiteko sena. Horren ondoren, Iruñeko manifestazio jendetsua izan zen. Berriz ere poza, itxaropena, emozio positiboak; bada jendea Euskal Herrian, jende asko, euskara defendatzeko grinaz. Galduak ez gara. Handik astebetera, Mitoaroa III. Aurretik, baina, selektibitateko euskarako azterketaren ondorengo ikuskizun negargarria. Hain tamalgarria ez balitz, txistea izan zitekeen. Eta, egia esan, izan zen txistea ere. Kamisetak ere atera dituzte, eta Lekeitioko (Bizkaia) Markel ezagutu dugu: "Urteten jake urteten jakena". Amorruz bizi izan nuen zirku hura. Baina gai horrek artikulu oso bat merezi du.
Mitoaroa aipatu dut. Hark sentipen gazi-gozoak eragin zizkidan, hausnarrarazi. Distopia hura errealitate bihur daiteke, zoritxarrez. Baina, nago, gure distopian ez dela "euskara garbirik" izango; ezta bestelakorik ere. Geure esku dago; orain ala inoiz ez; dena ala ezer ez.