Lauburu bat 'gâteau' batean

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2026ko martxoaren 15a

Erramun Martikorena, Pello Reparaz eta Maixux Zugarramurdi. (AEK)

Miren Alberdi kolaboratzaileak otsaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Lauburu bat 'gâteau' batean.

Benito Lertxundik aspaldi dei egin zigun, Lizardiren hitzak musikatuz : "...zutitu gaitezen… Egizue nerekin berri bidea / bildu dezagun nun nai / asaben lorea / ta gaurdanik goritu / gure sukaldea". Adin batetik gora baduzu, ezagutuko zenuen kantua, irakurle. Gaztea bazara, berriz, jakin ezazu Euskal Pizkundea duela izena, eta Oro laño mee batek izeneko diskoan kaleratu zuela Orioko bardoak lehen aldiz, 1974. urtean. Abestiaren izenari erreferentzia eginez, honela amaitzen da: "... Ni nor naizen asmatu/ Euskal Pizkundea".

Harrezkero ur asko igaro da zubipetik, eta batek baino gehiagok ur hori baliatuz, nahiz hamaika maltzurkeriaz, euskararen garra hauts bihurtu nahi izan du. Zenbait unetan, helburu makur hori lortzear izan da arrain handia, baina sukaldeko hautsak pitinka urratu ditugu Lizardik bere poeman bezala, eta suak bizirik dirau; galduak ez gara.

Euskal Herriak abesti hura lehen aldiz entzun zuenetik mende erdia igaro da, eta oraingoan Euskararen Kontseiluak galdegin digu Pizkundera batzeko; izan ere, euskararen alde hartzen ez den erabaki bakoitzak minorizazioa indartzen du; eta arrain handiei aurre egiteko, Euskararen Pizkundea behar dugu.

Berrogeita hamar urte geroago ere, zentzua dute 'Euskal Pizkundea' kantuaren hitzek

Horretarako, ordea, ez dugu ahaztu behar nor garen, nondik gatozen, izan zirelako baikara, eta garelako izango dira. Garaiak aldatuagatik, lehengoak gara, nahiz eta berritzen garen, etengabe. Benitok bere abestian zera zioen: "Geroztik ari nauzu / auts zaarrak astintzen / Aiton-amon guztien / ipuiak jasotzen / erriaren pitxiak / magalean biltzen". Orobat, Pello Reparazek honakoa esaten du 24. Korrikaren abestiaren errepikan: "Arranoaren hegaldia lumadi berriaz / Irrintzi zahar bat aho gaztetan".

Korrikaren lorratzari jarraiki, aurtengo mezuak ere ideia hori aldarrikatzen du: "Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua. Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri". Ez diezaiogun, bada, itzaltzen utzi; izan gaitezen lastargi. "Aditu Korrikaren deiadarra. Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra. Piztu da Korrikaren garra". Gu gara gar hori, eta gorituko dugu Euskal Herriko sukaldea.

Euskararen sua ez da hil, eta ez da hilko, guk ez badugu nahi. Berrogeita hamar urte geroago ere, zentzua dute Euskal Pizkundea-ren hitzek, eta neure egingo ditut: bildu dezagun, beraz, non-nahi, arbasoen lorea, eta gaurdanik goritu dezagun gure sukaldea. Gu gara Euskal Pizkundea. Lauburu bat gâteau batean baino, Euskara gara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide