Neguan ere udaberri

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2025ko abu. 26a, 08:30

Anbulatorio bateko irudia.

Miren Alberdi kolaboratzaileak uztaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Neguan ere udaberri.

"Iritzi helduak, uste haundikuak, gure herriaz". Gure herri euskaldunaz. Baina zer da euskaldun izatea? Askok ematen dute iritzia horren inguruan; erabaki nahi dute, gure izenean, zer garen edo zer izan behar dugun. Euskalduna euskaraduna da, euskaraz dakiena. Bagara. Hala ere, Frantziako Estatuan frantsesak besterik ez omen daude; Nafarroan, berriz, zonifikazioak erabakitzen du euskalduna zaren ala ez; eta Euskal Autonomia Erkidegoan ba omen dugu izateko eskubidea, nahiz eta hemen ere euskarak eraso bortitzak jaso, besteak beste, epaileen eskutik.

"Inork ez zidan esan euskaldun izatia zein nekeza dan". Badirudi, ezpainetan euskara erabiltzeko hortzetan labana hartuta ibili behar dugula. Bi hizkuntza handik, gaztelerak eta frantsesak, minorizatutako herria eta komunitatea gara. Bizi al gaitezke gure herrian euskaraz? Anbulatorioan? Udaltzaingoan? Aisialdian? Kiroldegian? Zerbitzu guztiak euskaraz jasotzen al ditugu? Bestalde, euskara ikastea ere nekeza da, ikastearen esfortzuaz gain, ahalegin ekonomikoa ere eskatzen duelako. Noiz izango dugu benetako doakotasuna? Ba al dago borondate politikorik Euskal Herria euskalduntzeko?

Bizi al gaitezke gure herrian euskaraz? Anbulatorioan? Udaltzaingoan? Aisialdian?

"Zaindu maite duzun hori". Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, Kortesetik Hondarribira eta Atharratzetik Balmasedara. Euskaldunak izan nahi dugu, eta ez dugu zertan inori baimenik eskatu. Garena maite dugu. Euskal Herrira etortzen diren pertsona guztiei ere gure herria eta hizkuntza ezagutzeko, maitatzeko eta erabiltzeko aukera eskaini nahi diegu; horretarako, euskaldunok jarrera aktiboa izan behar dugu. Euskaraz bizi nahi badugu, normalizazioa gure esku ere badago. Euskararen sua piztuta mantendu nahi badugu, lastargi sendoa behar dugu, eta lastargi hori euskalgintza da. Eta euskalgintza gu gara, denok izan behar dugu.

"Kantu leunak nahi nituzke jarri; eguzkia ainubian denari"Guk badaukagu eguzkia; euskara da gure ekia. Euskaldun izatea nekeza bezain ederra da, gogorra bezain beroa eta goxoa. Hala ere, urtero iristen da hotza, neguko hotza; eta, harekin, laino beltzak. Jon Maiak honakoa abestu zuen duela ez asko: "... herri txiki bat Europan, / bizirauteko borrokan. / Hizkuntza gutxitu baten / gu hemen gaude esaten / munduan entzun dezaten: / ia hogeita hamar mila / Negu Gorri kuadrilla / udaberrien bila!". Zorionez, udaberria ere urtero etortzen da. Gera gaitezen hor; bizi gaitezen udaberriko eguzki goxotan, baita negua datorrenean ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide