Ohituren indarra

Erabiltzailearen aurpegia Maite Arrate 2020ko api. 2a, 08:55

Maite Arratek martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ohituren indarra'.

Ohitura ekintza bat askotan errepikatzearen ondorioz hartzen den aritzeko modua da, baita herri edo giza talde batean ohikoa gertatzen den aritzeko modua ere.

Gure gizartean ohitura asko sustraituta daude, eta gainera, askotan, horietako asko ureztatu egiten ditugu gehiago hazten joan daitezen, nahiz eta norbere barrenean sustraiak hondo-hondotik ateratzeko gogoa sentitu.

Kontraesana dirudien arren, nik behintzat, modu honetara jokatzen dut, beti ez bada ere. Ez naiz ausartzen gainerakoei aurre egiten eta benetan pentsatzen eta sentitzen dudana inolako lotsarik gabe adierazten. Jabetzen naiz jendea ohitura batzuetara moldatuta dagoenean, guztiz bestelakoa egitea oso zaila dela, nahiz eta bestelakoa askoz hobea dela jakin badakigun. Denek egiten dutena egitea askoz errazagoa da, kezka ugari eragozteko modua, hain zuzen, eta nik ere, nahi gabe eta neure buruaren aurka bada ere, batzuetan bide erraz hori aukeratzen dut. Erraza bezain zaila den bide hori.

Erraza, gainerakoen bide berberari jarraituz, ez dudalako inoren lasaitasunik hautsiko sekula. Baina zaila, ez dudalako neure lasaitasunik aurkituko sekula, eta hauxe da, hain justu, ohiturei jarraituta edo jarraitu gabe, aurkitu nahi dudana: lasaitasuna.

Beraz, konplexutasun honen aurrean, zer egin behar dut? Nola jokatu behar dut?

Batzuetan, koldarra naizela pentsatzen dut. Ados egon gabe ere, ohitura batzuk jarraitzeko gai naiz. Gainerakoen aurrean ondo geratzeagatik, neure benetako nahiak alde batera uzteko prest dagoen beldurtia naiz. Edozein arriskuren aurrean, ihes egiten saiatzen den beldurtia naiz. Gaixotasunen eta heriotzaren aurrean ere beldurtu egiten naizela ezin ukatu. Besteetan, aldiz, ausarta naizela pentsatzen dut. Ohitura batzuk ez jarraitzeak dakarren beldurra baztertu eta arazoei aurre egiten saiatzen naiz. Besteen nahiak betetzen lagunduz, neure nahiak ere gauzatzen saiatzen naiz. Gaixotasunek euren alde onak eta heriotzak bizitza dakarrela ere pentsatzen dut.

Beraz, nire bizitzaren parte dira beldurra eta ausardia. Atzo ikaratuta nengoen arren, gaur indartsu nago, nire eguneroko helburua ahal dudan moduan aurrera egitea delako. Ahalmena badaukat, guztiok baitaukagu ahalmena, baina, gaitasun hori modu egoki batean kudeatzeko lan handia egin behar dela jabetuta, eta helburua finkatuta, urratsak egitea falta sarritan.

Kontuak kontu, eta azalpenak azalpen, ohiturei jarraituta edo jarraitu gabe, bizitzak eskaintzen dizkidan aukerak zentzuz gozatu nahi ditut. Bai, zentzuz eta lasaitasunez. Zerbait lortzeko aukera ez dut kezka iturri bihurtu nahi, ez dut neure burua estutu nahi, baina era berean, ez dut ezkutatu nahi.

Ez daukat itxurakeriekin jarraitzeko gogorik, baina, ohituren indar itzelaren aurrean, neure indar itzela ateratzeko gai izango ote naizen ikusi behar. Badakit, alderantzizkoak diren bi kontzeptu hauen bueltan ibili beharko dudala beti. Badakit, bi esparru desberdin horien bueltan bizi beharko dudala beti. Halere, nahi dudana lortzeko borrokatuko dut. Batzuetan errazagoa, eta bestetan, aldiz, zailagoa izango da. Batzuetan, besterik gabe, betiko ohiturek irentsiko naute, eta besteetan, aldiz, neure nahiek indarra hartu nahiko dute. Baina nik, guztion lasaitasuna bilatzea ezinezkoa dudanez, neurea bilatzen saiatu behar! Bakoitzak bere bidea jorratu behar! Hortxe kontuak!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide