Herri txikietako
lasaitasuna
maite dut.
Hiri handi batera
joaten naizen bakoitzean,
neure onetik irtenda
itzultzen naiz etxera,
lanean zortzi ordu igarota
baino nekatuago.
Hiri handietako
zarata eta jendetzarekin
ohitu gabe nago,
ez ditut batere gogoko.
Onartzen dut
hiri handietakoei herri txikiak
zeharo aspergarriak iruditzea,
ezer ez dagoela nabarmentzea.
Agian arrazoi dute.
Halere nik ez nuke
bake hau
ezergatik aldatuko.
Lasaitasunaren
lasaitasuna
maite dut.
Nire herri txikia
maite dut.