Maite Arrate-52: Izua

Erabiltzailearen aurpegia Maite Arrate 2015ko ots. 16a, 08:02

Izua

 

 

            Nire burutazio guztiak

            arazo bihurtzen ditudanez,

            gaixotu egin naiz,

            baina burutazio guzti hauek

            burutik kenduko dizkidan

            sendagairik ez dagoenez,

            gaixorik jarraitzen dut.

            Gaixo jarraitzen dudala argudiatuz,

            edonori edozer esaten

            ausartzen naiz,

            badakidalako inork ez didala ezer erantzungo.

            Nire gaixotasunaren kontuarekin

            besteak nire erara moldatzen zirela

            konturatu nintzenetik,

            edozein aitzakia bilatzen dut

            gainerakoen arreta lortu asmoz,

            atsegin dut beste guztiak

            niri begira egotea.

            Batzuek edozer egiten dute

            inor ez gogaitzeagatik,

            niri ez zait axola.

            Denak nekatuko ditudala

            jakinagatik ere,

            neurean jarraitzeko asmoa dut,

            honela behintzat

            ez naiz bakarrik geldituko,

            azkenean bakarrik utziko nautela

            pentsatzen dudan arren.

            Pentsatze hutsak izua sortzen dit!

            Ez ahal zait halakorik suertatuko!

            Gaur inongo minik

            ez neukan arren,

            izugarrizko buruko mina neukala esan

            eta zorabiatu itxura egin ondoren,

            ez naute bakarrik utzi.

            Oraingoan ere lortu dut!

            Horrela jarraitu behar!

Maite Arrate

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide