Etxebizitza modu askotara planifika daiteke, eta horren arabera, jendearen beharrei erantzun ala ez. Zoritxarrez eta gehienetan, diruaren mesedetan planifikatzeak ondorio larriak eragiten dizkio langile klaseari eta horren adibide ditugu azkenaldiko Mari Carmenen etxegabetze entzutetsua edo asteburuan Gasteizen bizi izandako biolentzia familia baten aurka. Interesatuek, kasuok isolatutzat har ditzagun nahi badute ere, egiturazkoa da arazoa eta denoi eragiten digu egunerokoan.
Jakinekoa da herrian ia ezinezkoa dela emantzipatzea. Hori dela eta, gure bizitza hipotekatzea besterik ez zaigu tokatzen, prezio altuak eta etxebizitza eskaintza murritza aurkezten zaigularik alternatiba bakarra balitz bezala. Hori nahikoa ez, eta gure gain gelditzen da erabakia: "Ez baduzu hartzen, beste batek hartuko du, mugitu". Modu horretan, gehiegizko prezioen gurpilean sartu gara azkoitiar mordoa, 700-800 euroko alokairuak ordainduz eta 250.000 euroko etxe "merkeak" erosiz, konturatu gabe, soldataren zati handi bat horretara bideratu behar izan dugu. Beste batzuek gurasoen etxean jarraitzen dute egoera zaila dela-eta. Horrekin batera, erabat normalizatu dugu etxebizitza dirua egiteko baliatzea, hau da, espekulatzeko. Horrek dakar, beraz, etxebizitza inbertsio elementu bezala ulertzea.
Azken fenomeno hori azpimarragarria da; izan ere, batzuek etxeetan "inbertitzen" dute. "Inbertsio" horren logika ondorengoa da: etxeak erosi, alokatu eta hilero errenta bat jaso. Beste aukera bat: etxea atondu, zain egon eta garestiago saldu. Hori horrela da, eta tamalez, gero eta onartuago dago errentetatik bizitzea, bizilagunari soldataren zati handi bat kentzearen truke. Horrenbestez, argi esan behar da ondokoaren beharretatik aberasten dena espekulatzaile eta parasito hutsa dela, etxebizitzak ezin direlako ulertu inbertsio funtsak balira bezala, "negozio" horren zuzen-zuzeneko biktima hipotekak edo alokairuak itotzen duen langilea delako.
Bide beretik, hausnartzeko kontua da etxebizitzarekiko dagoen ikuskera merkantilista. Zer dela-eta onartu dugu etxebizitza bat izateko eskubidea erosahalmenaren arabera? Geure etxea edukitzea ezin du luxuzko zerbait izan, oinarrizko eskubidea baizik. Hain zuzen, hezkuntza eta osasuna bezalaxe, merkatu logikatik haratago egon behar du etxebizitza eskubideak.
Espekulatzaileez gain, alderdiei eta udal gobernuei errazegia zaie hauteskunde atarian pare bat aldarri beren egin eta gero, praktikan, dirua besterik nahi ez duten eraikuntza enpresei alfonbra gorria jartzea. Aipagarriak dira Izar Jai eta Txalonorrekako proiektuak: etxebizitza gutxi eta garestiak dira, herriko langile gehienontzat eskuragaitzak. Finean, proiektu horiek ez diote erantzun etxebizitzaren arazoari.
Egoera behin-behinean honakoa da: gehienontzat eskuragarriak ez diren etxeak eraikitzen dira, eta ez dago hutsik eta egoera eskasean dauden etxebizitzak konpontzeko eta herriratzeko inolako asmo eta borondaterik. Gainera, ez dira zalantzan jarri ere egiten etxebizitzaren negozioa bultzatzen duten baldintzak.
Gaur gaurkoz, ez dago mahai gainean etxebizitzaren negozioarekin amaitzeko benetako alternatibarik, ez Azkoitian, ezta goragoko instituzioetan ere. Hala ere, ez dugu ogi apurrik nahi, antolatzea eta alternatiba bat egikaritzea dagokigu, etxebizitza eskubidea benetan bermatzea nahi badugu.
Horregatik guztiagatik, berebiziko garrantzia dauka azaroaren 11n greba egiteak, espekulatzaileen aurka eta etxebizitza eskubidearen alde kaleak hartzeko.