Lehenik eta behin, garbi gera dadila oharraren helburua Palestinar herriaren aurka egiten ari den genozidioa alde batera utzi, eta herriko gazteak kriminalizatzea izan dela. Palestinaren eta Israelen arteko bake faltsuaren diskurtso epela zabaltzen ari den bitartean, beharrezkoa da Israelen desegitearen aldarriak kaleak hartzea, alkateari "graziarik" egiten ez badio ere. Horren aurrean, berriz, Azkoitiko EAJk nahikoa izan du kasketaldi batean lau paragrafo idaztea, El Diario Vasco, El Correo, Onda Vasca eta Noticias de Gipuzkoa komunikabideetako manporreroek manipulatutako mezuak zabaltzeko.
Paradoxikoa da Israel egiten ari den genozidioarekin negozioa egiten duten enpresak seinalatu dituzten pertsonak kriminalizatzea, konplizeak babestu eta zuritu bitartean. Horrek agerian uzten du EAJren Palestinarekiko babesa erabat hipokrita dela idatziak berak garbi utzi duen bezala: kontrajarria da palestinar herria defendatzen duzuela esatea, horien suntsipena ahalbidetzen dutenen aurpegia garbitzen duzuen bitartean.
Horrez gain, lotsagarria da alkatearen oharreko puntu bat pintadak egin dituztenen aurkako mehatxua izatea, "Udaltzaingoak egiletza identifikatzeko ikerketarekin jarraituko duela ziurtatu du. Gure erantzukizuna da errudunak seinalatzea". Hori da zuen politika egiteko modua, dena instituzionalizatzen, fokua desbideratzen eta kaleak despolitizatzen saiatzea. Mezu horren helburua gazteak kikiltzea bada, ez dut uste lortuko duzuenik.
Gauzak horrela, inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zait Israel eta bere konplizeak seinalatzea eta palestinar erresistentzia defendatzea. Bide horretan, Azkoitian Palestinaren alde antolatu diren ekimenetan elkar ikustea espero dut. Besteak beste, datorren ostiralean eta larunbatean egingo den Palestinaren aldeko egitarauan zein azaroaren 1eko mendi erronkan.
EAJk oharrean dioen bezala, segi ekintza eta bideo "heroikoak” egiten!