Jakes Alberdi: «Goizean goiz Pasaiako kofradiara joaten gara aita eta biok arrain bila, arrandegia irekitzerako arraina bertan izateko»

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2018ko api. 14a, 09:55

Jakes Alberdi Aramendi (Azkoitia, 1992) 20 urterekin hasi zen aitarekin batera familiako Itziar arrandegian lanean, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikasketak amaitu berri zituela. Hasieran, bere opor egunetan bakarrik lan egiten zuen arrandegian, baina, urte batzuk lan horretan pasatu ondoren, bertan ikusten du etorkizuna.

 

Zer dela eta hasi zinen arrandegian lanean?

Anaiak eta biok udako oporretan aitari lanean laguntzeko ohitura genuen. Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasten amaitu nuenean, aita gerriko minarekin-eta zebilelako laguntzen hasi nintzen, eta ordutik gaur arte nabil.

Noiztik eta nolatan du zure familiak negozio hori?

Abuztuan 32 urte beteko ditu arrandegiak. Hasierako garai haietan, aita itsasoan ibiltzen zen arrantzan, eta, urte batzuk horretan jardun ondoren, arrandegia irekitzeko ideia bururatu zitzaion. Bera itziartarra denez, arrandegiari Itziar izena jarri zion.

Zenbat langile zarete arrandegian?

Guztira lau gara: aita; Nekane, nire izeba; Izaskun eta ni. Oso harreman ona dugu gure artean; beti elkarri adarra jotzen aritzen gara.

Zer ordutan esnatzen zara lanera joateko?

Asteartetik ostiralera bitartean 04:30 inguruan esnatzen naiz. Pasaiako kofradiara joaten gara aita eta biok arrain bila, goizean arrandegia irekitzerako arraina bertan izateko. Kofradian dagoen arrain aukera ikusi eta, han dagoenaren arabera, behar duguna erosten dugu. Furgonetara kargatu, eta Azkoitira itzultzen gara.

Erraz ohitu al zinen errutina eta ordutegi berri horretara?

Bai, ez dut arazorik izaten goizean esnatzeko. Gainera, ohitura dut arratsaldean siesta egiteko kirola egitera joan aurretik.

Hobbyetarako astia ere baduzu, orduan. Zein kirol praktikatzen duzu?

Bai, eguerdian 13:00etan ixten dugu denda, eta, 19:30 arte libre izaten dudanez, lo eta kirola egiteko aprobetxatzea gustatzen zait. Lehen, saskibaloian jokatzen nuen Iraurgi taldean, baina duela bi urte utzi nuen, eta orain gimnasiora edo korrika egitera joten naiz.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Lanaren alderdirik positiboenak bezeroekin dugun gertutasuna eta astelehenetan jai izatea dira. Eta gutxien gustatzen zaidana, berriz, ura eta izotza dela-eta neguan pasatu ohi dugun hotza.

Zure etorkizuna arrandegian lanean imajinatzen al duzu?

Bai, dagoeneko bost urte pasatxo daramatzat lan honetan, eta, ezustekorik-edo ez bada behintzat, bertan ikusten dut etorkizunean neure burua.

Gustuko al duzu zure lana?

Bai. Egunero errutina bat dut, baina ez dut egunero gauza bera egiten. Gauza desberdin asko daude egiteko. Gainera, jendearekin hitz egiteko aukera duzu, eta hori beti da entretenigarria.

Jende gazteari gomendatuko al zenioke zure lanbidea probatzea, epe laburrean bada ere?

Bada, ez dakit. Familiakoek arrandegia izango ez balute, ez zait iruditzen burutik pasatuko zitzaidanik arrandegi batean hastea, baina beti dago aukera gauza desberdinak probatzeko, eta, beraz, beldurtzekorik ere ez nioke esango.

Denda handiek komertzio txikiari kalte handia egin diotela uste al duzu?

Bai, kalte egin digu. Lehen, ostiral eta larunbatetan salmenta handiagoak izan ohi ziren. Gaur egun, ordea, jendeak, egun horietan batez ere, espazio handi horietara joan eta aste osorako erosketa egiteko ohitura hartu du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide