Naike Saralegi: «Zailena bezeroak buruan duena ulertzea eta gero hori hark nahi bezala irudikatzea da»

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2017ko abu. 2a, 10:32

Naike Saralegi Juaristi, tatuatzailea.

Naike Saralegi Juaristi (Azkoitia, 1984) duela bi urte murgildu zen tatuatzaile lanetan. Azkoitian hasi zen, baina, bete beharreko araudiak bultzatuta, Azpeitian du gaur estudioa. Atsegin du marraztea, baina ezezkoa eman beharrean ere egon da behin edo behin.

 

Zer ikasi behar du tatuatzaile izan nahi duenak?

Tatuatzaile kurtsoak egiteko aukera dago, baina, egia esan, ideia handirik gabe ateratzen zara kurtso horretatik. Egiten zoazen heinean ikasten duzu. Erizaintza eskolan higiene eta osasuneko ikasketak egitea ezinbestekoa da.

Nola sortu zitzaizun estudio bat irekitzeko ideia?

Betidanik gustatu izan zait marraztea, eta atentzioa ematen zidaten tatuajeek, batez ere gaur egun dagoen aukera zabalak. Lehen, biztanleria jakin batentzat egin ohi ziren, baina gaur egun edonork egin ditzake.

Zein izan zen profesionalki egin zenuen lehen tatuajea?

Orkatilan neure buruari egin nion lehena, badaezpada ere, kar-kar-kar.

Jendeak zer eskatzen du?

Jendea, gehienbat, tatuaje txikiak eta finak egitera animatzen da.

Zein izan da tatuatzeko eskatu dizuten gauzarik arraroena?

Eskela bateko testua idazteko eskatu zidan behin batek.

Eta zein da ohikoena?

Irudi geometrikoak, testuak, esanahia duten sinboloak, tatuaje maoriak –Zeelanda Berriko jatorrizko etniekin lotutako tatuajeak–, besokoak, loreak…

Zein izan da tatuatu duzun gorputz atalik arraroena? Eta zailena?

Apustu bat galdu zuela eta, batek ipurmasaila tatuatzeko eskatu zidan. Gainerakoan, azal elastikoa dagoen lekuak oso zailak dira tatuatzeko, saihets aldea adibidez, edota azal lodia eta gogorra dagoen aldea, ukondoa esaterako.

Zein da lanbide honen eginkizunik zailena? Eta errazena?

Alderik zailena jendeak buruan duena ulertzea eta gero hori hark nahi bezala irudikatzea dela esango nuke. Jendearekin tratatzea da lanbide honen eginkizun malguena.

Zailtasunen bat ikusita, inoiz esan al diozu norbaiti ezetz?

Bai, noski. Leku batzuk ez dira tatuatu behar, tatuatu nahi den zona horretako azalaren ezaugarriak direla eta. Behin oinaren azpia tatuatzeko eskatu zidan batek, eta ezezkoa eman nion.

Azkoitian izan zenuen estudioa lehen, baina orain Azpeitian daukazu. Zergatik aldaketa hori?

Araudia bete ahal izateko, tatuatzaileen estudioek baldintza asko bete behar izaten dituzte: zona bereiziak, aireztapen ona, argiztapen egokia, elbarriei egokitutako komuna eta pasabideak… Hori guztia betetzen duen estudioa Azpeitian aurkitu dut.

Mingarria dela diote batzuek; beldurrarekin joaten al da jendea? Zerbait egiten al duzu min sentsazioa gutxitzeko?

Min pixka bat ematen du, baina guztiz eramangarria dela esango nuke; bestela, jendeak ez luke errepikatuko, kar-kar-kar. Leku batzuk mingarriagoak dira, saihetsak esaterako. Lehen aldia duen norbaitek beldur handiagoa izaten du, baina, oro har, uste baino min gutxiago ematen duela esaten didate gehienek. Kontuz egiten ahalegintzen naiz une oro, bezeroari zer egiten ari naizen kontatuz. Min sentsazioa gutxitzeko, krema anestesikoa emateko aukera dago, baina horrek tinta sartzea zailtzen du, eta oso gutxitan gomendatzen dut.

Bi zatitan egin behar izan al duzu tatuajerik? Zergatik?

Tatuaje handiak bi ordu eta erdiko edo hiru orduko saioetan egiten dira, normalean. Ez da gomendagarria saio luzeak egitea.

Damutuz gero, ezabatzeko aukerarik ba al dago?

Tatuaje bat beste batekin estal daiteke cover deitzen zaion teknika eginez. Gaur egun ezabatzeko aukera ere badago, laser bidez.

Zalantzan dagoena animatuko al zenuke?

Bai, noski. Bizipenak irudikatzeko, familiako eta lagunarteko loturatzat ditugun ideiak azaltzeko eta gorputza edertzeko baliagarria dela deritzot.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide