Oiarzabal eta Putin

Erabiltzailearen aurpegia Lander Albizuri 2026ko abuztuaren 31

Didier Drogba futbol jokalaria. (TyC Sports)

Lander Albizuri kolaboratzaileak uztaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Oiarzabal eta Putin'.

Dena politikoa dela entzun ohi da. Futbola, saskibaloia, xake partida eta literatura. Baina egia da? Zer esan nahi du horrek?

Final bakoitzaren atarian beti dago presente figura politikoren bat: Putin Errusiako Munduko Kopan, Trump AEBetako Kluben arteko Munduko Kopan, Espainiako erregeak eman zion Oiarzabali bere tituluaren izena daraman kopa. Iribar eta Kortabarria lehenengo aldiz ikurrinari helduta Atotxan. Katar, geroago, Munduko Kopan egoitza izateagatik jendearen ahotan ibiliko zen. Errusiarrek, aldiz, debekatuta dute beraien bandera azaleratzea nazioarteko txapelketetan. Zer esanik ez euskal selekzio batek zer eragingo lukeen euskaldunen artean. 

Zeresan handiko ekitaldietan politika sartu ohi da etekin bila. Publizitatea ez da soilik milioika euro ordaindu dituen markaren iragarkia.

Alabaina, behin, gerra zibil bat gelditzera iritsi zen fenomeno hori. 2005ean, Boli Kosta bi frontetan zatikaturik zegoela, futbol selekzioa lehen aldiz Munduko Kopara sailkatu zen. Horixe zen herrialdea batzen zuen aitzakia bakarra. Orduan, Drogbak, taldeko kapitainak, taldekideekin belaunikaturik bakea eskatu zuen telebistan; keinuak eragin handia izan zuen eta momentuko su etena eta negoziazioak bultzatzen lagundu zuen, bakea itzuliz aldi baterako. 

Publizitatea ez da soilik milioika euro ordaindu dituen markaren iragarkia

Ildo beretik, baina beste muturrean, Alemania dugu, 1930eko hamarkadan: "Ezer ez Estatutik (alderditik) kanpo, ezer ez Estatuaren aurka" esan ohi zuten. Horrela, Einsteinen zientziak kutsu judua, zikina, zuela zioten naziek. Horrenbestez, ez zen egiazkoa. Zientziak "zuzena eta zintzoa" izan behar zuen. Nola izango zen, bada, judu batek esandakoa aurrerakuntza? Onartezina zen nazientzat. Eskema ideologikoan tokirik ez zuten aurkikuntzak gezur zentsuragarritzat hartzen zituzten.

Paradoxikoa dirudien arren, denek uste dute kausa justu batengatik ari direla borrokan. Bai Drogbak, bai naziek, esango lukete ez dagoela eremu txarrik garrantzitsuena den ekimen hori defendatzeko. Horrek ez du esan nahi biek arrazoi dutenik, ezta gutxiagorik ere! Baina biak daude erabat konbentzituta, eta sinesten duten horren alde edozer egingo lukete. Hots, partida aurretik bere ereserkia abestu.

Hori ikusita, irakurle, xake partida bat politikoa da? Edo izan beharko luke? 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide