Maitasuna edo delitua

Erabiltzailearen aurpegia Lander Albizuri 2026ko ekainaren 3a

Eskuko telefonoa. (Pixabay)

Lander Albizuri kolaboratzaileak apirileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Maitasuna ala delitua'.

Badira bikotekideen artean ez litzatekeela hesirik egon behar uste dutenak, batak bestearen inguruko guztia jakiteko eskubidea duela pentsatzen dutenak. Are jende gehiago da bikotekidearen telefonoa baimenik gabe hartzen duena, jakinik gaizki ari dela. Hori egitea miserablea, abusuzkoa eta immorala dela ulertzen da. Hala ere, gutxik dakite besteen sakelakora baimenik gabe begiratzea, bikotekidea izan ala ez, ez dela maitasuna, delitua baizik.

Legea gaur egungo gizartearen arabera eguneratzen joan den heinean, Konstituzioa eta Zigor Kodea gardenak izan dira, lau urtera arteko espetxe zigorrak ezarriz "sekretuak ezagutarazi eta agerrarazteagatik". Gainera, elkarrizketa edo argazki horiek hirugarren pertsonei bidaltzen bazaizkie, zigorra larriagotu egiten da. Espainiako Auzitegi Gorenak, bere aldetik, ebatzi du ezkonduta egoteak, elkarrekin bizitzeak edo bikotekide izateak intimitate eskubidea ez duela baliogabetzen. Jurisdikzio gorenaren arabera, pasahitzak exijitzea edo bestea lotan dagoenean haren telefonoa hartzea juridikoki "kontrol eta indarkeria digitala" dira, eta ez zeloak edukitzearen sintoma soilak.

Legezko salbuespen bat zera izan da: gizon batek bere bikotekide ohiaren mediku agiri pribatuak irakurri eta judizialki erabili zituen. Hark seme adingabearen zaintza eskubidea lortu nahi zuen. Dokumentu horiek egongelako ordenagailu partekatuan gordeta zeuden, inolako pasahitzik gabe, eta informazio hori funtsezkoa zen adingabearen interesak babesteko.

Nola jakin bikotekideak benetan errespetatzen zaituen ala soilik legearen beldur den? 

Kasu horiek frogatzea oso zaila da. Froga onenak norbere Whatsappa beste ordenagailu edo telefono batean irekita aurkitzea, espioitza programak detektatzea edo bikotekidea zelatan aritu izana aitortzen duten mezuak izatea dira. Legezko balioa izan dezaten, pantaila argazkiek ez dute balio eta zuzenean notarioarengana joan behar da.

Errespetuak nahikoa izan beharko luke bikotekidearen telefonoa ez ukitzeko, horixe baita maitasunaren abiapuntua. Hala ere, ikusi beharko litzateke zigorraren mehatxurik gabe horrelakorik egiten ote den. Nola jakin bikotekideak benetan errespetatzen zaituen ala soilik legearen beldur den? Legea, ordea, ez dago maitasuna neurtzeko, egoera larrietan biktima babesteko baizik. Sakelakoa espiatzea ez da soilik estimua zimeltzea, dagoen eskubide garrantzitsuenetako bat urratzea baizik. Hau da, intimitate eskubidea.•

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide