Konfinatuta jarraitzen dugu adinekoen egoitzetan. Ekainaren 8ra arte ez dugu bisitarik jasoko. Horrela erabaki dute Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta egoitzetako negozioaren kudeaketa duten enpresek. Bisitak, gainera, ordubetekoak izango dira eta pertsona batek izango du egoiliarrak bisitatzeko aukera; hori guztia kartzeletakoak diruditen neurri barregarriak ditugun garaian, gainera. Kalera irtetzeari buruz ez dute hitzik egin. Agian uztailean eta bozkatzeko, ezta hala Urkullu?
Nola azaldu behar diegu ez dugula joan nahi hondartzara eguzkia hartzea eta bainatzera? Nola esan behar diegu ez dugula botiloia egiteko edota terrazak okupatzeko asmorik? Egoiliarrok senideekin elkartu nahi dugu, beraiekin bazkaldu eta paseatu, alabekin ordu batzuk elkarbanatu. Horixe besterik ez. Horren zaila al da ulertzeko?
Gune sozialak eta aktibitatea birgaitzeko arduraz jokatzeko eskatu diete herritarrei. Zergatik ez egoitzetan?
Egoiliarrak ez al dira herritarrak? Ez al dago arduraz jokatzeko eskatzerik egoitzetan bizi diren pertsonen senideei, egoiliarrak ordu batzuetarako egoitzatik ateratzeko? Ez da onargarria arropa zaharra bezala armairuan giltzapetuta edukitzea. Bizirik gaude, demontre!
Nola da askotan errepikatzea gustatzen zaien esaldi hura? Bai, badakit: "Inor ez dadila atzean geratu". Joan zaitezke pikutara!
(Preso politikoak aske)