Robert Möhring, bizitza ederra gozo kontatuta

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2022ko api. 26a, 15:15

Robert Möhring.

Gaztanenea Hizkuntza Eskola bisitatu duen Robert Möhring alemaniarrak hitzaldia eskaini zuen atzo, astelehena. Eskolan ikusi, entzun eta ikasi ahal izan zutenaz idatzi du Karmen Irizarrek.

Gelako mahai batean eserita hartu gintuen Hizkuntza Eskolan, Aste Santuko oporren bueltan, Igeldon bizi den gonbidatu alemaniarrak. Hitza luzatu bezain pronto, ordea, jaiki, gure artera bildu eta irribarrea piztu zitzaion ezpainetan. Ezezagun hura Robert bilakatu zen bizpahiru esaldiren ondoren. Hizkuntza alemanari buruz ditugun hainbat uste oker zenbateraino diren okerrak ikusi ahal izan genuen. Gozo aritu zen, xuabe, alemanez neurrian egiten dugun ikasleontzat hitzak ondo aukeratuta, bizitza osoan hizkuntza irakasle izanik ondo baitaki zer nolako zailtasunak izaten dituen nahi eta ezinean dabilenak.

Heute hier, morgen dort kantatzen jarri gintuen gitarraz lagunduta. Iraganaz, geroaz eta denboraren joanak sortu ohi dizkigun burutazioei buruzko kanta ederra inondik ere. Jatorria eta kultura gorabehera, lehenago edo geroago guztiok izan dugun bizipenaren lekuko. Eta jakina, irakaskuntza geneetan duenez, alemanez hobeto aritzeko hiruzpalau jarraibide eman zizkigun. Gramatika eta lexikoa bai, baina batez ere, ahoskera zaintzeko esan zigun. Ondo ahoskatutako esaldi batek ez baitu hain okerra ematen ondo ebakiz gero (edo maitemintzeko aleman batekin, hori omen da ikasbiderik eraginkorrena).

Erretiroa hartzea ederra dela ere argi utzi zigun. Zaldiz ibili (Alemanian abiatu eta Frantziaraino zaldiz etorri zen aspaldi batean), pasieran egin, nobela beltzak irakurri, sukaldean jardun eta Iruñakoa den emaztearen ondoan gozatu eta bizi, horretan ematen ditu egunak. Ekonomikako su txikian barazkiekin prestatzen duen osobukoa omen da bere espezialitatea. Hori dastatzeko hitzordua jartzea ahaztu zitzaigun, horra aitzakia gure artera berriz etor dadin.

Eskerrik asko Robert, plazera izan da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide