Aro berrirako ideia-asmo zaparrada

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2020ko eka. 30a, 12:55

Karmen Irizarrek ekaineko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Aro berrirako ideia-asmo zaparrada'.

Ikusten ez den zera batek mundua hankaz gora jarri duen honetan, konturatzerako pasatu zaizkit bi hilabeteak lan kargak eraginda, baina begirada beti gerokoan jarrita. Honekin eta harekin aurrez aurre, bideoz, telefonoz, edo mezu elektronikoz egon garenetan, zenbat aldiz esan ote dugu zer egingo dugun aurrerantzean, birusa gutaz aspertzen denean.

Aro berria hastera omen goazen honetan ideia zaparrada egin dut neuk bakarrik neure buruarekin. Burua libre utzi eta datorrena datorrela onartu eta paperean jarri, etorri den eran. Hona nire ideia zaparrada, apirilean bete nituen 47 urte bakoitzeko, bat.

  1. Maite ditudanak zaindu eta maite ez ditudanekin denbora gutxi eman alferrik.
  2. Orkidea zuri bat erosi bulegorako.
  3. Neure burua zaindu.
  4. Kalendarioen bilduma egiten jarraitu eta urteka klasifikatu.
  5. Gehiago entzun eta gutxiago hitz egin.
  6. Euripean dantzan egin.
  7. Daukadanaren erdiaren laurdenarekin bizitzen hasi.
  8. Liburu bat atzekoz aurrera irakurri.
  9. Bertsotan hasi beste egitekorik izango ez banu bezala.
  10. Kaleko baldosak kontatu.
  11. Lanera bizikletan joaten hasi.
  12. Tomatea entsaladan jaten ikasi.
  13. Oinutsik ibili baratzean.
  14. Aurretik sekula entzun gabeko musika taldeak entzuten hasi.
  15. Logela pintatu eta altzariak tokiz aldatu.
  16. Lehengo baserritarrak elkarrizketatu.
  17. Mikrobiologiaz irakurtzen hasi.
  18. Egunero, ordu erdiz, eskuz idatzi.
  19. Baratzean egunero lan egin.
  20. Takoidun zapata gorriak eta soineko brilloduna erosi.
  21. Musuaurreko loratuak egin eta jantzi.
  22. Hizkuntza gutxitu bat ikasi.
  23. Presa gabe ibili, horretarako astirik ez dagoenean ere.
  24. Zuhaitz azpian etzan eta hostoei begira egon.
  25. Igerian ikasi.
  26. Kaligrafia ikasi.
  27. Sukaldaritzako ikastaroa egin.
  28. Eztarria zaindu.
  29. Ohera irribarretsu sartu gauero.
  30. Irakasle hobea izan.
  31. Eztabaida antzuetatik ihes egin.
  32. Egunero 9 km egin oinez.
  33. 8 ordu lo egin egunero eta amets ederrak bakarrik egin.
  34. Lanbidea aldatu.
  35. Eginbeharrekoen zakua zulatu.
  36. Betigeroko utzitako liburuak irakurri.
  37. Euskararen herria ezagutu.
  38. Ekonomiaz ikasi.
  39. Noah Chomskyren txio guztiak irakurri.
  40. Hanketako azazkalak pintatu.
  41. Arazoa baino, konponbidea izaten saiatu.
  42. Argazki onak egiten ikasi.
  43. Apirilaren 5ean hil zen osaba Carmelori merezi bezalako agurra egin.
  44. Herriko dendetan erosi.
  45. Musikarik gabe lan egin.
  46. Aizkorrira igo udaberriko egun eder batez.
  47. Merezi duen guztia ospatu gerorako laga gabe.

Ideia zaparradaren bigarren kate maila da, ideia bakoitza banaka aztertu eta zerrendan zer utzi eta zer kendu erabakitzea. Egun batzuetan kajoian gorde eta idatzi genuena erdi-ahaztuta daukagunean, hartu berriro zerrenda eta ikusi zentzurik ba ote duen norberarentzat. Begiratu diot nireari eta bai, badira kendu beharreko batzuk. Ez dut igerian ikasiko, ez soineko brillodunik erosiko eta nik oinetako azazkalak pintatzekotan, beste norbaitek makurtu beharko du.

44 geratzen dira, ordea, oraindik. Gehitxo, ezeri fundamentuz heltzeko. Berriro irakurri dut zerrenda, eta ez dakit zergatik, baino datozen bi urteetan behintzat, zenbaki lehenetan edo zenbaki primoetan egokitu direnekin hasiko naiz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide