Ez dakit besteek zer esango duten, nik, batez ere, ikasi egin nuen afarian.
Ikasi nuen, esaterako, Nepaleko tragediak baduela bestelako irakurketa bat, eta herriaren historian beltzez jantzi diren egunak izan daitezkeela itxaropen iturri, berreraikitze prozesuan gizartea bera eraldatzeko eta gauzak askoz hobeto egiteko unea izan daitekeela sinetsita baitago lagun nepaldarra. Eta jakin genuen badela Nepalen gazte bat 3Dko animazioak egiten sekulako abilezia duena, eta tragediaren ondoren jendeak itxaropenari lekua egin diezaion prestatu duela horrelako bat. Ikusi ere egin genuen.
Abenduan bera eta mahaiko beste lagun bat Nepalera itzuliko direla esan zigun herriminez, irrikan dagoela lurrikaretatik onik atera diren etxekoak eta lagunak ikusteko.
Ikasi nuen zahartzaroaren ajeen kontzientzia erraz hartzen dela, gorputzak ez duela barkatzen, baina bihotzak gogor eusten diola bizitzeko gogoari, bidaiatu, jendea ezagutu eta mundua deskubritzen jarraitzeko bulkadari.
Ikusi nuen, baietz, estatubatuarrei hanburgesak gustatzen zaizkiela, baina baita bestelako ogitartekoak ere. Eta munduko herrialderik boteretsuenean ere badela entzuten dakien jendea, besteok esateko duguna entzuteko gogoz dagoen jendea. Ikasi nuen gure bizi erritmoa eurena baino askoz motelagoa dela, eta gure begietan harridura gutxi sortu arren, inguratzen gaituen paisaia berdea biziki liluragarria dela kanpotik etorri berri denarentzat. Dokumentalak egiten eman nahiko lituzkeela egunak, baina han ere txakurrak oinutsik, eta hemengo BBCn (Bautizos, bodas y comuniones) hasi beharko duela, berak nahi duen bideari heltzeko.
Ikusi nuen adiskide kontzeptua oso lausoa dela pertsona batetik bestera. Batentzat laguna dena, bestearentzat ezaguna dela. Hitzak berak harreman mota desberdinak biltzen dituela, batzuk denbora eta esperientzia asko konpartitzea behar dutela norbait laguna dutela esateko. Beste batzuk, hiruzpalau kaferen ondoren lagun sentitzen dutela beste hori.
Egun horretan bertan, meskita zela eta ez zela, batzuk zein besteek hain modu interesatuan jardun epelean zebiltzan bitartean, oasia izan zen niretzat hain jatorri desberdineko bost lagunek, bakoitzak beretik hitz eginez emandako afari hura. Interes berezirik gabe, telebistak eta horrelako enparauek sortzen duten albo zaratarik gabe, besteari begietara begiratuz adi egon, entzun eta gordean ditugun ametsak mahai gainean jarriz.