Oraindik, biktimak eta biktimak daude

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2025ko ira. 23a, 09:30

Txiki eta Otaegi. (Guka)

Kepa Alberdik Txikiren eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira idatzi duen iritzi artikulua da honako hau.

ETAko Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxeberria eta Espainiako FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela 50 urte betetzen dira aurten. Franco hil aurreko azken exekuzio ofizialak izan ziren haienak. Urtemuga horren harira, zalaparta handia piztu dute Gogorako zuzendari Alberto Alonsok egindako adierazpenek: "Txiki eta Otaegi frankismoaren biktimak dira, baina biktima gisa aitortzea eta omenaldiak egitea, ordea, gauza ezberdinak dira"; "ezin dira erreferente izan gizartearentzat, indarkeria, beldurra eta terrorea erabili baitzituzten"; "ez dira demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean sartu behar"; "biktimak dira baina ez dira omendu behar". Gogoraren irizpide horiek tarteko etorri dira, baita ere, Zarauzko Udalak Santa Barbarako haitzartetik Txikiren eta Otaegiren omenezko olana kendu izana eta bi gudari horiei buruzko erakusketarentzako lokalik ez uztea, gainditutzat jotzen genituen zentsura jarrera muturrekoenak aplikatuz.

Beste behin, biktimen kategorizazioa nahi dute ezarri, alde bateko sufrimendua ukatuz. Batzuk, lehen mailako biktimak dira eta dena da laudorioa eta oroitzapena beraientzat. Horiek sufrimenduaren esklusibotasuna dute eta, ekitaldi handiak egiteko babes osoa izateaz aparte, beti dute beren lekutxoa hedabideetan. Estatu terrorismoak hildako 400 biktima inguru, berriz, bigarren, hirugarren edo laugarren mailakoak dira, eta horiek iraina eta ahanztura besterik ez dute jasotzen, gehienetan instituzioek biktima izaera bera ere ukatzeraino. Beraz, alde bateko zauri eta min ugarien adierazpenak, nonahi, behin eta berriro entzutera derrigortzen gaituzten bitartean, guri debekatu egiten zaigu gure kontakizunak, gure orbainak, gure historia, gure jendearen mina eta zorigaitza erakustea.

Txikiren eta Otaegiren kasuan, Eusko Jaurlaritzak 2012an "giza eskubideen urraketen biktima" bezala onartu zituen ofizialki, nahiz eta oraindik ere aitortza txikienik jaso gabe dauden beste biktima asko eta asko. Izan ere, errepresioren datuak handiak dira Euskal Herrian, eta ahaztu nahi diren biktimenak beste hainbeste, 10.000 preso, 40.000 atxilotu eta 5.000 torturatutik gora zenbatzen baitira. Esan gabe doa, Euskal Herria errepresioaren erakusleihoa izan dela betidanik eta, zoritxarrez, hemen asko dakigu torturari eta kartzelari buruz. Hain zaila al da, hori guztia ere bidegabea izan zela esatea? Dirudienez, oraindik ere, batzuentzat eskubide batzuk beste batzuk baino "eskubideago" dira eta beraiek dute sufrimenduaren esklusibotasuna.

Hemen, Estatuak bereganatu du, betidanik, zilegi den indarkeriaren monopolioa. Haren mendean mugitu dira inpunitatearen babesean izugarrikeri handienak egin dituztenak, inoiz zigorrik izan ez duten gaizkileak, alegia. Haienak dira inork errebindikatu ez dituen heriotzak, izenik gabeko balak, zigorrik gabeko errudunak, erantzulerik eta konplizerik gabe gertatzen diren hilketak. Zigorgabetasun hori ez da frankismoaren biktimetara mugatzen, askoz gehiago baitira Estatuko aparatuek egindako giza eskubideen urraketen biktimak; eta horien aurrean beste alde batera begiratu izan dute beti kontakizun ofizialek: Gasteizko martxoaren 3tik Iruñeko uztailaren 8ra, Intxaurrondotik La Cumbre jauregira, Pasaiako segadatik Irunberriko arroilara, Santi Brouard, Josu Muguruza, Joseba Arregi, Joxean Lasa eta Joxi Zabala, Puerto de Santa Maria eta Herrera de la Mancha espetxeak... Zerrenda hain da eskandaluzkoa. Bertolt Brechtek ondo zioen, injustiziak izenak eta helbideak dituela, norbaitek behar duela honen edo bestearen arduradun izan, eta injustizia ez dela anonimoa esatean.

Hori horrela, non arraio egon dira indarkeria datorren tokitik datorrela gaitzesten duten instituzioak eta horietan agintzen duten alderdiak, urratutako eskubideak euskal militanteenak edo herritar arruntenak izan direnean? Nork diseinatu, bultzatu eta babestu zuen euskal presoen sakabanaketa? Nola uler daiteke, euskal presoen argazkirik jarri ezin denean edo horiei ongi etorririk egin ezin zaien bitartean, tortura hilgarrietan parte zuzena hartutako poliziak edo guardia zibilak kargu handienetan ipintzea, kondekorazio guztiekin? Bai, presoen sakabanaketa politika, EAJren eta PSOEren lorpena izan zen, eta presoen kondenak, haien familien kondena bihurtu dira harrezkero. Bada beste paradoxa bat ere: torturatutako milaka pertsona daudela onartzen den bitartean, kontu horregatik auzipetutako polizia bakar bat ere ez egotea, kasu horiek ez baitira ikertzen eta, are gutxiago, torturatzaileen eta egitura horien agindupean egon diren arduradun politikoak epaitzen. Halaber, oso bitxia da, gobernatzen duten alderdiek giza eskubideei buruz hitz egitea presoen ongietorrietan, alderdi horiek preso horien eskubideen urraketen aurrean axolagabekeria eta mespretxua besterik erakutsi ez dutenean, haiek preso egon diren urteetan eta urteetan. Indarkeriaren inguruko hipokresiak muga guztiak gainditu ditu. Mesedez, utzi biktimismoari behingoz, eta ahalegindu inor atzean utziko ez duen memoria bat lantzen, beste aldekoek ere hamarkada asko baitaramatzate sufritzen.

Bada korapiloa askatzeko ordua, betidanik alde batera utzi edo ukatu izan dituzten biktimak gogoratzeko garaia, beste biktimak inolaz ere gutxietsi gabe, guztiek baitute biktima moduan agertzeko eskubidea. Beraz, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik berrogeita hamar urte bete direnean, ez eskatu herri hau altxarazi eta itxaropena ekartzearekin batera konpromiso militantearen erreferentzia izan zen belaunaldi haren oroimena ahanztea. Guk, sekula inoiz ez dugu nahi izan inork uko egin diezaion iraganari buruzko ikuspegiari, kontakizunari, gertatua ulertzeko moduari... baina ez diogu inori utziko guk geureari uko eginarazten.

Hori horrela, Txikik, Otaegik eta frankismoari aurre egin zioten euskal herritar guztiek dute aitortza instituzionalaren merezimendua; are gehiago, zeregin horretan hil baziren. Gure aldetik, aitorpenarekin batera, babesa agertzea eta beroa ematea besterik ez zaigu geratzen. Alferrik ari dira, ezingo baitute gure hildakoak maitatzea debekatu.

Une gogorrek maitasun bereziak sortzen dituzte eta gure hiztegian urte askotan zehar atsekabea, etsipena, mina, nahigabea, itxaropenik eza eta antzeko hitzek leku handia hartu badute ere, oraindik itxaropena, elkartasuna, duintasuna, maitasuna... hitzak dira nagusi.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide