'Azkoitia' izenaren jatorriarekin ezbaian

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2018ko urr. 21a, 09:30

Izarraitz mendilerroa.

Urola ibaiko haranaren erdialdean kokatzen da Azkoitiak okupatzen duen lur eremua, eta lur zati honetan aurki ditzakegu goiti-beheiti K.a. 4.000-3.000 inguruan gure arbasoek Elosuko, Iruarrietako eta Izarraizko megalito guneetan utzitako trikuharri, tumulu eta neolito garaiko beste aztarna batzuk. Denboran aurrera eginez, K.a. 3.000-2.500 inguruko kokalekua ere aurki dezakegu Munoaundiko kastroan, askoz geroagokoa, Goi Erdi Arokoa hain zuzen ere; 'Iraurgi' deitzen zitzaion bailarari.

 

Gure herriak duen historia oso atzetik dator, eta egin duen bide luze horretan oso aberatsa da bertako asaba zaharrek lur eremu hau eta hemengo gune bakoitza izendatzeko erabilitako tokian tokiko toponimia. Leku bakoitzari izen bat dagokio, eta, normalean leku izenek bertoko lurraren, paisaiaren eta bizimoduaren berri ematen dutenez, gurean sortutako izenak ere garai baten lekuko dira.

Gure aurrekoek logika bati jarraituz osatu zuten bertoko toponimia, toki bakoitzeko ezaugarriak bildu eta haiekin lekuan lekuko hitza edo hitz multzoa izendatuz. Nolanahi ere, etimologikoki hitz horien jatorriarekin batera haien esanahiek izan duten bilakaera aztertzen badugu, ezuste bat baino gehiago aurki dezakegu. Esate baterako, oraindik ere azkoitiar askok pentsatuko du Azkoitia izena bera ere betidanikoa dela eta gure arbaso zaharrenengandik jasotako herentzia zuzen bat besterik ez dela. Transmisio horrek ordea, izan ditu bere bidean halako gorabehera batzuk, Azkoitia deituraren jatorriaren teoria desberdinak edo izen honen nondik norako osaketak direla eta.

San Juan Zahar baserria.

Mende asko egin behar dugu atzera, gure herriak gaur egun duen izenarekin ikusi beharra duten lehen dokumentu idatziak aurkitzeko. Gure herriko lurrei egindako lehen aipamena Iruñeko gotzaindegiko paperetan agertzen da, 1186-1189. urteetako edo beharbada lehenagoko agiri batean hain zuzen ere, eta bertan Iraurgi izeneko eskualde bat ageri da. Iruñeko Elizbarrutiari atxikitako Iraurgi izeneko bailara Nafarroako Erreinuaren barruan kokatzen zen garai haietan, Ipuzkoako tenentzia barrutian. Dokumentu horretan, alde batetik, Baldako Andre Maria parrokia aipatzen da, Azkoitiko herriari sorrera emango ziona, eta, bestaldetik, Soreasuko San Sebastian eliza, Azpeitiko herriari bide emango ziona. Urte haietan, Nafarroako Erreinua hainbat hiribilduren sorrera sustatzeko lanean murgilduta zebilen; alabaina, Gaztelako Erreinuak, Alfonso VIII.a erregearekin 1200. urtean Ipuzkoa, Araba eta Durangaldea okupatu ondoren, haien agintea hartu zuen.

Sistema feudalean, hiri gutuna edo gure artean Carta Puebla esaten zaion agiri legala erabiltzen zen hiribilduak izendatzeko, eta dokumentu horri esker herriko biztanleek eskubide batzuk zituzten. Herri berriak eratzeko zeregina erregeari zegokionez, erregeak herri berriei izen dotoreagoak ipintzen saiatzen ziren, eta, horrela, hirietako askok jatorrizko izena galtzen zuten. Modu horretan, Alfonso XI.a Gaztelakoak, 1324an gure herriari lehen hiribildu titulua ematean, San Martin de Ahezkoytia de Yraurgui izena jarri zion, lur zati hura San Martin Tourskoari eskainitako basilika zegoen mendixkaren bizkar batean kokatuta zegoelako. Baina lur eremu horretako biztanleak ez zeuden seguru, oinaztarren eta ganboatarren bandoen arteko borrokei aurre egiteko inolako babesik ez zutelako. Horren ondorioz, eta arrazoi hori argudiatuz, San Martingo biztanle haiek hiribildua ibaiaren beste aldetik geratzen zen Baldaren etxearen lurren ondora eramateko eskatu zuten. Handik denbora gutxira, 1331ko uztailaren 9an, hiribildu berriaren sorrera sinatu zen, eta Miranda de Yraurgui izen berria hartu zuen. Beraz, Azkoitia hiribildua bi aldiz fundatua izan zen. Bigarren izen hark XV. mendearen erdira arte iraun zuen, aurrerantzean Azkoitia izena baino ez baitzen erabili, nahiz eta dokumentu zaharretan izen bera era desberdinetan idatzirik agertu. Hain zuzen ere, 1457an egindako Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere deitura hori azaltzen da herriaren izen ofizial moduan.

Baldako Andre Maria eliza zaharreko portikoa (kanposantua). 

Aspaldi hartan, gure herriari deitzeko, Ayzcoita, Ayzcoitia, Azcoytia, Aizgoitia eta Ascoitia izenak ere erabili ziren. Horrela, 1543ko apirilean Elgoibarren egindako batzarraren erregistroan, Ayzcoita transkribatuta azaltzen da, eta 1571ean Azcoytia izenarekin aipatu zuen Felipe II.a erregearen kronista izan zen Esteban de Garibay arrasatearrak. Hamarkada batzuk geroago, Pablo Pedro Astarloa apaiz eta euskaltzale durangarrak eta Wilhelm Humboldt ikertzaile prusiarrak beste teoria bat eman zuten ezagutzera; bertan, Ascoitia deituraren esanahia zatika aztertzen zuten. Datu horiekin garbi ikus daitekeenez, mendeetan zehar izendapen anitz erabili izan dira, eta idaztean halako desadostasun batzuk egon badira ere, aho-hitzez denbora luzean antzera deitu diogu gure herriari. Era berean, askotan gertatu izan da leku izenak jasotzeko garaian tokiko eskribau edo idazkariak euskaraz ez jakitea eta euskarazko jatorria duen toponimia berak ulertzen zuen moduan idaztea, ia beti gaztelaniazko grafiarekin; horren ondorioz, izen bera modu desberdinetan irudikatu izan da.

Baina zein da Azkoitia izenaren jatorria? Eta zer esanahi du etimologikoki aztertzen badugu? Esan dezakegu hiru teoria nagusi daudela. Hipotesi zaharrena Azcoytia izenarena da; izan ere, era desberdinetan idatzita bada ere, izen hori agertzen da XV. mendearen hasieratik gure herria aipatzeko orduan. Deitura hori aztertzean, Aitz-goitia eta Aitz-beitia izenak hartzen dira, elkarren ondoan dauden bi herrien deiturek erakusten baitute aitz erro berbera dutela eta hitz hori Izarraitz mendilerroaren deituratik datorrela. Ondoren, goitia eta beitia aldaerak daude: lehenak haitzaren goiko aldea adieraziko luke, eta bigarrenak, berriz, haitzaren behealdea. Dena den, etimologiari dagokionez, gero eta adostasun handiagoa dago, aitz erroa Izarraitz mendilerroarekin lotzen den bezala, goitia eta beitia aldaerak Urola ibaiarekiko bakoitzaren kokagunea bereizteko gehitzen direla. Bestalde, gure hizkuntzan g hizkia k hizki bihurtzeko permutazio edo trukatzea ere ohikoa da; horren ondorioz, goitia azkenean koitia bihurtzen da. Aitz-goitia eta Aitz-beitia deituren hipotesi hori, beste batzuen artean, Pablo Pedro Astarloa, Wilhelm Humboldt, Aita Manuel Larramendi, Martin de Anguiozar eta H.Garayalde pertsona ospetsuek babestu zuten.

San Juan de la Peña edo Jandonianiz ermita kokatzen zen ingurunea. 

 

Bigarren teoria Esteban de Garibay historialari eta Espainiako Felipe II.aren kronikari izandakoak eman zuen ezagutzera, Amberesen 1571ean argitaratutako “Los cuarenta libros del Compendio historial de las Chrónicas y universal historia de todos los reynos de España” obran. Lan horretan zioen Azcoytia eta Azpeytia izenak baino lehenagokoak zirela Urazgoitia eta Urazpeitia deiturak. Bi izenak ibaiko urarekin erlazionatzen ziren: bata Urola ibaiko uraren gainaldean eta bestea behealdean zeudela adierazten zuten. Abraham Ortelius geografo eta kartografo ospetsuak eta Lope de Isasti historialariak iritzi hori babestu zuten XVI. mendearen amaieran. Askoz geroago, 1935ean, Joaquín de Yrizar arkitekto azkoitiarrak, “Etimología de Azcoitia y Azpeitia” lana Parisen argitaratzean, Abraham Orteliusen teoria baieztatu zuen; alabaina Urazgoitia eta Urazpeitia toponimoen erreferentzia bakarra idazlan horietan soilik agertzen denez, eta ez inolako dokumentu judizial edo administratibotan, zalantzan jartzen da bi izen horiek inoiz erabili izana.

Azkenik, hirugarren hipotesia Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronistarengandik dator. Dakigunez, Santa Kruzko gainean, San Juan Zahar eta Kamino deitzen zaien baserrien inguruan, aitz izena duen muinoa dago, eta, bertan, Azkoitiko eta Azpeitiko udalerriei zegozkien gaiak eztabaidatzeko Ermandade Batzarra biltzen zen. Leku horretan, Iraurgi haranak zuen ermandadeko alkatea aukeratzen zen, epai moduan bailaran justizia banatzeko. Hor bertan, Aizbeko harrobiaren gainean kokatzen zen San Juan de la Peña edo San Juan de Aitz ermita, zeina herritarrentzat ezagunagoa baita Jandonianiz izenez. Aitz izeneko gune hori hain esanguratsua eta bertoko historiari lotua izanik, Azkoitia eta Azpeitia adieren jatorria leku horretatik etor daitekeela ere pentsatzen da, eta, beste bi teorietan bezala, goitia eta beitia aldaerak tokiko erliebe edo orografiari lotzen zaizkio.

Gure asaba zaharrek logika bati jarraituz moldatzen zuten toponimikoki leku bakoitzari zegokion izena, baina mende asko igaro dira Azkoitia izenaren sorreratik, eta enigma baten aurrean gaudela dirudi. Hortik aurrera bakoitzak aukera dezala bere teoria.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide