Iritzi artikulua

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi

Kari Alberdi kolaboratzaileak iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Iritzi artikulua'.

Astelehena, supermerkatuko ilaran. "Agian oinarrizko produktuen prezioaren gorakadaz idatz dezakezu", hausnartzen duzu diru zorroari begira. Asteartea, hondartzatik bueltan. "Klima aldaketak ere badu mamia iritzi artikulurako", pentsatu duzu kotxeak markatzen dituen 28 graduei begira. Fresko eta dena egiten duela dirudi pasatu dugun uda eta gero. Asteazkena, telebistaren aurrean: "Albiste bakoitzetik bizpahiru testu atera ditzaket". Osteguna, ordenagailu parean. Ez duzu oraindik erabaki zeren inguruan idatzi, eta bihar bertan egin behar duzu entrega. 

Inspirazio bila, begiak itxi eta behatzak bakarrik doaz larrialdiko irteera den adimen artifizialaren webgunera. Agindu argiak, zuzenak, zehatzak, hutsik ez egiteko modukoak. 

"Idatzi honako baldintzak betetzen dituen iritzi artikulu baten sarrerarako esaldia: 15-25 hitz inguru, aktualitateko eta gizarte mailan interesa pizten duen gaia, azkoitiar batek ulertzeko erreferentziekin, gertuko euskaran eta hitz jokoak erabilita".

Tekletatik irtendako aginduek proposamen azkarra dakarte bueltan pantailara. 

"Azkoitiko plazan denek dute iritzia; adimen artifizialak, berriz, denarentzako erantzuna. Baina nork dauka arrazoia?”. 

Adimen artifizialak, noski! Nola ez zait orain arte okurritu? Ez da-eta oraindik gai horretaz nahikoa eztabaidatu. Adimen artifizialak gaitzat bere burua proposatzeak egozentriko samarra badirudi ere, ez dirudi abiapuntu txarra. 

Bigarren irakurketarekin batera lehen zalantzak datoz: plazako iritzien eta adimenaren erantzunen arteko dikotomia zentzugabea da. Alde batetik iritziak, bestetik erantzunak.

"Azkoitiko plazan denek dituzte galderak; adimen artifizialak, berriz, denarentzako erantzuna. Baina nork dauka arrazoia?".

Abiapuntuak zentzu gehiago du orain, baina bigarren zatiak ez du loturarik, eta ez da gaiaren barruan jorratu nahi duzun auzia. Deshumanizazioa, ordezkapena, berehalakotasuna... interesgarriagoak dira. 

"Azkoitiko plazan denek dituzte galderak; adimen artifizialak, berriz, denarentzako erantzuna. Baina non gelditu dira gure arteko eztabaida luzeak?". 

Nostalgikoegia? 

"Azkoitiko plazan denek dituzte galderak; adimen artifizialak, berriz, denarentzako erantzuna. Baina noiz ordezkatu gaituzte makinek?".Denek dituzte galderak?

"Azkoitiko plazan batzuek galderak dituzte; adimen artifizialak, berriz, denarentzako erantzuna. Baina noiz ordezkatu gaituzte makinek?". 

Horrela irakurrita, Azkoitiko plaza edo Debakoa izan daiteke berdin-berdin, erreferentzia bereziagoa beharko zenuke.

"Deaneko terrazan batzuek galderak dituzte; adimen artifizialak, berriz, denarentzako erantzuna. Baina noiz ordezkatu gaituzte makinek?".

Ez, ez, ez. Ezabatu guztia. Orrialde zuriaren aurrean kokatu zara. Inspirazio bila begiak itxi eta behatzak bakarrik doaz, berriz. Pixkanaka, abitu zara. 

"Bazen behin, Gukarako iritzi artikulu baterako inspirazio bila adimen artifizialaren erreinura bidaiatu zuen idazle bat. Berehala gaztelu eder bat eskuratu bazuen ere, bazituen bere kezkak: gelen antolamenduak ez zuen zentzurik, oinarriak ez ziren nahikoa sendoak, dekorazioa ez zen idazlearen gustukoa… Aldaketak egin bazituen ere, ez zuen gaztelua bere sentitzen, eta horren aurrean hasieratik egin behar zuena egin zuen: gaztelua behera bota eta berri bat eraiki, harriz harri eta hitzez hitz".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide