Hogeita hamahiru urtetan gauza asko pasatu dira herrian. Hirurehun eta laurogeita hamasei hilabete pasatu dira. Hamabi mila egun baino gehiago pasatu dira, hamazazpi milioi minututik gora, mila milioi segundo inguru. Hogeita hamahiru urteotan hogeigarren mendetik hogeita batgarren mendera pasatu gara, eta hamazazpi Korrika pasatu dira kaleetan barna. Bederatzi agintaldi eta hamar Holz und Blech. Hamaika mila biztanleen langa ere pasatu du Azkoitiak. Dia supermerkatua zegoen eraikina BM kooperatibarena izatera pasatu da, eta Lidl, berriz, leku batetik bestera. Hogeita hamahiru urtetan, ordea, badira Azkoititik pasatu ez diren gauzak ere. Trena, esaterako, edo Gaztetxea, besteak beste.
Dagoeneko urte batzuk pasatu dira bilerak egiteko espazio falta zela eta, Azkoitiko Gazte Asanbladak Goiko Losako 'pasa'-ren aurrean biltzen hasteko beharra izan zuenetik. Dagoeneko hitzetatik ekintzetara pasatu dira. Dagoeneko aste batzuk pasatu dira Lidl zaharraren eraikina gune hutsa eta erabilerarik gabekoa izatetik herriko gazteak antolatzeko eta politika egiteko espazio izatera pasatu zenetik. Dagoeneko aste batzuk pasatu dira, Lidl zaharraren eraikinaz urtez urte paso egin ostean, batzuk berarekin gogoratu zirenetik. Dagoeneko aste batzuk pasatu dira, herriko gazteez denbora luzez paso egin zutenek, erasora pasatu zirenetik, eta haien borondatez atera ezean, beren borondatearen aurka kanporatuak izango zirela adierazi zutenetik.
Lidl zaharretik pasatu dira erratzak, pintura geruzak, desinfektatzaileak, lixiba, lixak, taladroa, iltzeak, mailuak. Lidl zaharra Azkoitiko Gaztetxea izatera pasatu da. Azkoitiko Gaztetxetik pasatu dira egitarauak, musika taldeak, tailerrak, bilerak, auzolanak, pankartak, kartelak, hitzaldiak, bertsolariak, Kubaren aldeko material bilketak, irakurle taldeak, kirol entrenamenduak eta txapelketak, belaunaldi berriak eta ez hain berriak, gazteak eta ez hain gazteak. Azkoitiko Gaztetxetik ez dira pasatu eta ez dira pasatuko, ordea, kanporatze mehatxuak, antolatzen direnen aurkako errepresioa eta gazteen aurkako kriminalizazioa.