Sare1

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2026ko martxoaren 14a

Arrantzarako sare bat. (Freepik)

Kari Alberdi kolaboratzaileak otsaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Sare1.

1iz. Hariak edo kidekoak gurutzatuz eta mailak osatuz egiten den ehuna: Sarearen mailak. Sarea urratu. Tenis zelaiko sarea.

2 iz. Arrainak, hegaztiak, piztiak eta kidekoak harrapatzeko tresna sareduna: Sarea uretara bota. Mota guztietako arrainak atzitzen dituen sare bat iduri du zeruko erreinuak.

3 iz. Internet sarea: Sarean nabigatzearen arriskuen inguruko txostenak. Sarearen erabiltzaileen artean, %16k bakarrik erabiltzen zuen euskara. Liburua sarean jarri dute.

Haria, arropa, puntada. Harrapakina, amua, portua. Hiperesteka, aplikazioa, pasahitza.

Haria moztu, arropa konpondu, puntada eman. Harrapakina behatu, amua bota, portura itzuli. Hiperesteka ireki, aplikazioa deskargatu, pasahitza ahaztu.

Letra larriak, letra txikiak, zenbakiak eta batzuetan, karaktere bereziak nahasiz lortutako pasahitzek metalak nahasiz sortutako giltzak ordezkatu dituzte. Klik eta kliken artean aurkituko ditugu zabalik ate, leiho eta bide guztiak. Giltzek eta sarrailek, aldiz, ez dute dagoeneko elkarren artean klikik egiten.

Autobuseko ordutegia? Klik bat. Gustuko kontzerturako sarrerak? Bi klik (eta kudeaketa gastuak). Osasun zentroko medikurako zita? Hiru klik (eta hiru hilabeteko itxaron zerrenda). Klik, klik eta klikek paperak, leihatilak eta aurrez aurreko elkarrizketak ordezkatu dituzte. Gero eta konektatuago dagoen jendarte honetan, gero eta deskonexio handiagoa dago sarea jostearekin eta arrantzarekin harremantzen duten belaunaldi eta sarea Internetekin erlazionatzen duten belaunaldiaren artean.

Digitalizazioa jostorratz izan daiteke gure harien artean, baina artazi bihurtu da

Arazoaren erroa, ordea, ez dago alternatiba digitalen sorreran, analogikoaren ordezkapen prozesuan baizik. Digitalizazioa jostorratz izan daitekeelako gure harien artean, baina askotan artazi bihurtu da. Bi bideak ehuntzean datza konponbidearen amua: pasahitzez eta giltzez irekitzen diren ateak, aurrez aurreko eta pantailaz pantailako kontsultak, sarrera digital eta fisikoak, leihatilak eta aplikazioak, teklak eta eskuak.

Josten aurrera egiteko batzuetan atzera egin behar den moduan, sarea aurrera bota ostean arrantza amaitzeko atzerantz egin behar den legez, gizarte batek ez du sekula aurrera egingo bere zati bat atzean gelditzen den bitartean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide