Bi eta hiru

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2025ko abu. 10a, 07:53

Portaventurako irudi bat. (Tiqets)

Kari Alberdi kolaboratzaileak uztaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Bi eta hiru.

Esnatu naiz Europako hiri batean, Booking webguneko ostaturik merkeeneko komuneko ilaran, bi Free tour eta hiru museo ditut aurretik.

Esnatu naiz Landetako kanpin batean, etxera bueltako auto ilaran, bi furgoneta eta hiru karabana ditut aurretik.

Esnatu naiz Balear uharte batean, hoteleko buffeteko ilaran, bi familia frantses eta erretiratutako hiru aleman ditut aurretik.

Esnatu naiz Maldivetan, urpekaritza ikastaroan izen emateko ilaran, bi mila euroak berriro aurrezteko hiru urte ditut aurretik.

Esnatu naiz Portaventuran, edozeren ilaran, bi atrakzio hiru ordutan egiteko aukera dut aurretik.

Esnatu naiz etxean, asper-asper eginda supermerkatuko ilaran, planik gabeko beste bi gau eta hiru egun ditut aurretik, nire ezagun guztiak 'oporretara' joan dira eta.

Esnatu naiz Benidormen, bingoan jolasteko kartulinak hartzeko ilaran, azken asteetan nik edo nire ingurukoek esandakoak borobiltzeko lana dut aurretik: "Oporrak behar ditut", "oporren oporrak behar ditut", "urte guztian zehar honetarako egiten dut lana", "ezin dut onartu bihar lanera itzuli behar naizenik", "oporrak ezer ez egiteko dira", "oporrak aprobetxatu behar dira", "beti oporretan biziko nintzateke", "oporretan ni neu naiz, urte guztian zehar ez", "(des)konektatzen". Saria irabazi dut, Smartbox horietako bat da, bi pertsona hiru egunez oporretara joateko.

Oporrak, definizioz, ikasleen edo langileen atseden egunak edo atseden garaia dira, Euskaltzaindiaren arabera. Oporrak, sentsazioz, berriro produzitzera bueltatu ahal izateko indar nahikoa hartzeko egunak edo garaia dira, ikasle eta langileon arabera.

Lanean ez gaudenean oporretan gaudenaren ustea zabaldu digute, dikotomia faltsua ulertarazi digute, txanponaren bi aurpegi direla saldu digute. Ulertu beharrean, lanean erretzera ez iristeko hondartzan aurpegia erretzeko eman ohi diren ogi apur batzuk direla soilik.

Asteburuekin antzeko zerbait gertatu ohi da; eskala txikian, ordea. Astean zehar burua galtzeko mugan kokatzen zarenean, "bingo!", oxigeno pixka bat, astelehenean berriro itotzen hasteko adina.

Esnatu naiz ikasgelan, esnatu naiz lanpostuan, egunak zenbatzen atzerantz ilaran, bi hilabete eta hiru egun ditut aurretik hurrengo oporraldira arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide