Gutun bat biharrari

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi

Gutun bat. (Freepik)

Kari Alberdi kolaboratzaileak apirileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Gutun bat biharrari.

Etorkizun agurgarria,

Zer moduz dabil dena geroan? Giroa bero dagoen arren, euritan dantzan jarraitzen al du euskal gizarteak? Ba al da aterperik hainbeste gatazkaren artean? Ba al da baietzik hainbeste ezetzen artean? Ba al da zerurik hainbeste infernuren artean? Ba al da erantzunik hainbeste galderaren artean? Biharrak ezaguna al du orainarentzat ezezaguna dena?

Esandako astakeriei garrantzia kendu zienak programazio, festibal eta kartel garrantzitsuenak betetzen jarraitzen al du? Kontzertuetan aretoak betetzen jarraitzen al du? Plazak betetzen jarraitzen al du? Irrati saioetako minutuak betetzen jarraitzen al du? Musika zerrendak betetzen jarraitzen al du? Telebista saioak betetzen jarraitzen al du? Euskal kulturaren aldarea betetzen jarraitzen al du?

Esandako astakeriak esandakoan haserretu zirenen sua iraungi al da? Kiskaldu al dira bazterrak? Itzaldu al dira bazterrak? Edo, zorionez, apurtu beharko litzatekeen su eten bakarra apurtu al da?

Giroa bero dagoen arren, euritan dantzan jarraitzen al du euskal gizarteak?

Gutun hau jasotzen den unean norbaitek gogoratuko ote du zertaz ari nintzen lerro hauetan? Gutun hau idazten ari naizen momentuan norbait gogoratzen al da zertaz ari naizen lerro hauetan? Gutun hau amaitzean gogoratuko al dut neuk zertaz ari naizen lerro hauetan? Efimerotasunak irentsi al du jada orain dela hilabete batzuk betirako zirudiena?

Zertarako ireki behar da ahoa gero burua ireki behar duenak belarriak ixten baditu? Zertarako altxa behar gara gaur biharrak makurtzen bagaitu? Biharko haizeak gaurko zakarrak eramango dituen oraina iritsiko al da? Edo horrelako gertaerek gero eta pisu gutxiago dutelako gero eta errazago eraman ohi ditu haizeak?

Gure hitzak ote dira gero eta pisu gutxiago dutenak? Eta zertarako balio digu ahoa hitz hutsez betetzeak? Zertarako balio digu hitzez kilometroak egiteak gure ekintzak ez badira abiapuntutik abiatu? Urruneko etorkizunak gure hitzak eta ekintzak hurbilduko ote ditu?

Gure hitzek aske egiten ote gaituzte, eta gure ekintzek, berriz, Gatibu?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide