Etxe asko eta bizitza gutxi

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2024ko abu. 2a, 09:52

Kari Alberdik ekaineko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Etxe asko eta bizitza gutxi.

60 metro koadro. Erdigunetik pare bat kilometrora. Garajerik ez. Logela bat. Familientzako aparta. 900 euro hileko".

"40 metro koadroko apartamentu apaina. Argi naturalik ez. Garbigailuak zentrifugatzen duenean kableari eutsi behar zaio argia ez joateko. Gazteentzako aproposa. 550 euro hileko. Fidantza bi hilabetekoa".

Goizeko zazpiak eta laurden. Ordu laurdena pasatu da iratzargailuak jo duenetik. Ordu laurdena pasa da egun berri hau hasi denetik. Ordu laurdena pasatu da berriro egun berdina hasi denetik. Ordenagailua piztu duzu. Sakelako telefonoa desblokeatu duzu. Edo, agian, nostalgiak jota egunkaria erosi duzu. Herriko eraikuntza enpresaren webgunea ireki duzu. Idealista puntu com ireki duzu. Egunkaria propagandaren ataletik ireki duzu. Ea oraingoan. Ea oraingoan zure soldataren %80 baino gutxiago jango dizun alokairurik baden. Ea oraingoan metro koadro dezente dituen eskaintzaren bat agertzen den. Horrela balitz, gurasoen etxea uztea izango zenuke. Horrela balitz, semeak etxetik joatea lortu luke. Horrela balitz, ez zenuke ezezagunekin etxerik partekatu beharko. Horrela balitz...

Baina hala bazan edo ez bazan, kalabazan sartzearekin konformatzekotan gara oraingoz, teilatupe berri batean sartzea zaila baitago. Edurnezurik zazpi pisukide aurkitu behar izan zituen alokairua ordaintzeko, eta hiru txerritxoen etxeetatik bik ez zituzten gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzen.

Ea oraingoan zure soldataren %80 baino gutxiago jango dizun alokairurik baden

"Behintzat etxea daukazu, ez zaitez kexatu etxearen egoeraz" eta "behintzat lana daukazu, ez zaitez kexatu lan baldintzez"; aho beretik atera ohi diren esaldiak dira. Buru beretik ere atera ohi dira, eta noski, ongi betetako patrika beretik.

Patrikak beteak dituenak etxe hutsak ditu jabetzan. Patrika hutsek etxeak utzi behar dituzte. Etxetik kanporatuak dira, baina beraien bizitzak barruan jarraitzen du. Kanpoak bete eta barruak hustu.

Bitartean etxe hutsak hotza hartzen, bitartean etxe beteak hotza pasatzen. Joan zen neguan Euskal Herriko familien %20k ezin izan zuten berogailua piztu horrek dakartzan gastuak direla eta. Joan zen urtea Iberdrolak 4.803 milioi euroko irabaziekin itxi zuen. Zu beraien fakturen gutuna irekitzeko beldur zara.

Herenegungo ogia gosalduz hura baino gogorragoa den ohean lotan. Aldamenekoaren etxegabetzearen errealitateak axola ez, eta ez daukazun bigarren etxearekin ametsetan. Ametsa amesgaizto bihurtu eta existitzen ez den etxe hori okupatuko dizutelakoan zelatan. Kriminal deituz etxeak betetzera sartzen direnei, eta ez etxeak hustu eta bizitzak ostuz dabiltzanei.

Biziak etxean. Bizitza etxean. Etxeak bizitzeko. Etxe biziak. Etxebizitzak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide