Alergia: organismoak agente edo alergeno baten aurrean duen erreakzio anormala eta gehiegizkoa, agente horrekiko oso sentikorra delako. Oro har, kaltegarria ez den substantzia batek eragiten duena.
Euskal Herriko biztanleen laurdena alergikoa dela diote estatistikek eta zati handixeago bat, seguruenik, hipokritak garela diot nik. Eta honakoa ez da udaberriko kontua.
Udaberriak agente berriak eta alergia zaharrak dakartza gurera. Sudurreko eta begietako azkura, arnasa hartzeko zailtasunak eta doministikuak dakartzate polendun loreek, intsektuen ziztadek eta akaroek, besteak beste. Ezinegona, deserosotasuna eta lorik gabeko gauak dakartzate, bestalde, gure kontraesanek.
Hautsa da alergia askoren eta, baita ere, lerro hauen protagonista. Hautsa da ezkontzako ezkongaia eta hileta bateko hildakoa. Mikel Laboak izarren hautsa garela esaten hasi zen kanta hartan eta aurreikuspen guztien arabera, hautsa izaten amaituko dugu hemengo guztiok ere hautsontzietan.
Beraien hautsetan murggilduta dabiltzanek, ez dute ongi pasa eskoba beraien etxeetan
Hauts egin, hauts bihurtu, hautsak kendu, hautsak harrotu, hautsak astindu.
Garbigailuak astindu eta maindireak zentrifugatzea. Lehorrean igeri egin eta uretan korrikan jardutea. Abestiak irakurtzea eta liburuak entzutea. Lurrean eseri eta aulkien gainean zutik egotea. Koloreak usaintzea eta zenbakiak dastatzea. Autoek hegan egitea eta liztorrek autopistetan ordainsaria ordaintzea.
Bi urtez behin goizeko lauetan esnatzen direnak egunonak ematera Korrikaren erritmora eta gainontzeko egunetan "Buenos días"-en konpartsetan dabiltzanak. Horiek hurrengoei begira dabiltza. Martxoaren zortziko garrasiek ahotsik gabe utzi dituztenak, bederatzian isiltasun konplizeetara eroritakoak. Horiek hurrengoei begira dabiltza. Maiatzaren lehenean ukabilak airean daramatzatenak eta bigarrengoan kapitalaren aurrean belauniko lurrean jarri direnak. Horiek lehenengoei begira dabiltza. Protesta egin aurretik baimena erregutzea, manifestazioak isilean egitea, kolpea jaso eta barkamena zeuk eskatzea, eskubideak justifikatu beharra izatea.
Alergia hautsari, alergia hipokrisiari, alergia geure buruari.
Udaberria ere pasako da, etorriko da uda, eta udazkena, eta negua, eta berriro ere udaberri berri-berria. Baina gainontzekoen etxeetako garbitasunari adi begira dabiltzanek, gainontzekoek egindakoari alergia diotenek, besteen hautsetan murgilduta dabiltzanek, ez dute ongi pasa eskoba beraien etxeetan. Eta alfonbra azpietako hautsak hortxe gelditu dira.