Lurraren kantua

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2022ko uzt. 31a, 10:39

Kari Alberdik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Lurraren kantua'.

Negua joan dela dio Zea Maysek, eta infernuan ate joka gabiltzala erantzuten du Gatibuk. Gauean freskura iristeko esperantzara kondenatuta dago Gari, eta Ken Zazpiri eusten dion soka aire girotuarena da ziurrenik. Vendettaren udako gauek luzeak izaten jarraitzen dute, beroak ez baitie lo hartzen uzten. Takolo, Pirritx eta Porrotxentzat bero-bero zegoena salda zen, baina errealitatean Lurra da (EH) sukarra duena.

Izan ere, hauxe da gure albistearen titularra: "Azken urteetan planetaren tenperaturak gora egin du etengabe". Azken urte horiek XIX. mendearen amaieratik, hau da, industrializazioaren garaitik gaur egunera artekoak lirateke, eta gure planetaren tenperaturaren igoera 1,2 gradukoa izan da zehazki. Ez dirudi aldaketa handia denik lehen begiratuan, baina bigarren begiratu batean, 2008aren bueltan denon burmuinetan txertatuta izan genuen melodia erreskatatu beharko genuke: "Pixka bat es mucho". "Pixka bat" hori asko baita Ipar Poloko hartz zurientzat, gero eta maizago suteak jasaten dituzten basoentzat edo gure besapeentzat. Guztiek pairatu dituzte-eta eraginak, bakoitzak bere neurrian.

Neurriak hartu direla diote albisteek Lurraren berotze kezkagarriaren aurrean. Hartutakoak asko badira ere, betetakoak gutxi dira oraingoz, bete direnak egunkarien azalak, telebistako minutuak, ahoak eta poltsikoak izan baitira. Albiste horiek ez dira berriak, baina berriak txarrak dira. Denbora izanik poligrafo bakarra, Agenda 2021aren eskutik hazi ginenok Agenda 2030arekin egin dugu topo, egoera eskuetatik joan den seinale. Urtarrilaren leheneko asmo onak dira neurri guztiak, bigarren egunean martxan jarri ez direnean datorren urteko lehen egunerako utziak.

 

26 konferentzia egin dituzte dagoeneko, bakoitza hartutako eta bete gabeko neurriekin

 

Joan den urteko udazkenean, batzuen iritziz hondamendiari aurre egiteko azken aukera izango zen COP26 klimari buruzko nazioarteko konferentzia egin zen. 26 konferentzia izan dira dagoeneko. 26 konferentzia, bakoitza bere hartutako eta bete gabeko neurriekin. 26 konferentzia, bakoitza bere urtarrilaren bateko asmo onekin. Horrek argi uzten digu askotan landutako gaia izateak ez duela esan nahi aski (eta egoki) landu denik, neurriak izendatze hutsarekin ondorioetatik aske gaudenik eta Lurraren azkenaren erantzuleak ezagutzen ez ditugunik.

Alaitz eta Maiderrek bazekiten ongi fabriketako keak direla zapuzten dutenak. En Tol Sarmientok badaki zerura begira ezin dela galdu denbora. Mikel Laboak badaki bizitza dela handiena eta galtzea litzakeela galtzea dena. Guk badakigu klima aldaketaren ondorioak izango direnak ez dituztela geldituko ondorengoen aldaketek. Hitzak gelditu eta ekintzak hasteko ordua dela. Orduan izango dugula zer kontatu albisteetan eta zer kantatu Lurrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide