Orain arteko saioak ikusita —Xabier Amuriza, Marino Lejarreta, Joan Mari Torrealdai, Euzkitze, Pilar Kaltzada eta Jon Maia protagonista izan dituztenak—, esan daiteke lan ederra izaten ari dela eta izango dela aurrerantzean ere Biba Zuek!.
Telebistako aurkezle lanetan lehen aldiz aritu arren, ondo moldatzen ari dira Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus, ez alferrik baitira bertsolariak. Badakizue nola definitu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek bertsolariak, ezta? «Juglares sabelotodo» (juglare orojakileak). Barre egin genuen hori lehen aldiz entzutean, baina aitortu behar da denborak erakutsi duela guardia zibilen txapelak baino zuzenago bazebilela behintzat.
Hori esanda, bertsolariak ez haserretzeko, azalpen txiki bat eman beharra dago. Kontua ez da, lehen begiratuan hala iruditu arren, bertsolari izateak argia eta azkarra izateko eta ia dena ondo egiten jakiteko bermea ematen duela, baizik eta, azken urteetan, ia dena ondo egiteko gai diren gazte argi eta azkar asko —bertsolaritza ezagutu ez balute idazle, aktore, telebista aurkezle, irrati esatari, kantari... bokazioa izango zuketenak— bertsolaritzak erakarri eta harrapatu dituela bete-betean.