Haien aldamenean autoz pasatzen ari nintzela, errumaniarrak... barka, errumaniar jatorriko euskal herritar berriak ikusi ditut Astigarragako Ergobia auzoko Balta Txuria eta Balta Berdea txabola-auzoen esparruetatik irteten, erosketetarako gurditxo zahar zarpailak eskuetan, eguneroko lanari ekiteko prest: inguruko zaborrontziak miatu eta bazter mortuetan txatarra bildu. Inoiz baino kaltegabeago sentitu ditut lehen kolpean, otzan, etxeko. Denetara ohitzen omen gara, are gehiago entzuten direnak entzunda eta zabaltzen diren beldurrak zabalduta; are gehiago begi-belarriak azkenaldian hedabideetan etengabe agertzen ari zaizkigun ustezko jihadista ustez ezinago gaizto eta arriskutsuen eraginpean izan eta gero. Ez gara errumaniarren... barka, errumaniar jatorriko euskal herritar berrien beldur dagoeneko. Baina ezta haien adiskide ere, lagun, hurko, gertuko. Muturreko txirotasuna gure eguneroko paisaiaren parte guztiz ohiko, normal eta aseptiko bilakatu da, hortxe bertan, pare-parean, ondo-ondoan, inongo hesi fisikoren beharrik gabe profilaktikoki eta hermetikoki bereizitako bestalde batean.
Osorik irakurri
Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide